Obrek zirkulazio aldaketa eragingo dute Antonio Arrillagan eta San Inazion

elgoibarren.net 2009ko mar. 10a, 10:46

 
Obrak direla-eta Antonio Arrillaga kalearen mutur bat itxi egingo dute gaurtik aurrera, eta baita San Inazio kalearen goiko partea ere. Ondorioz, zirkulazioan aldaketak gertatuko dira ingurune honetan. Bi aste barru lehengora itzultzeko moduan egongo direla aurreikusi dute Udal arduradunek.



 Antonio Arrillaga, San Inazio, Trenbide eta Ubitarte kaleek igarriko dituzte inguruan egiten ari diren obren eraginak datozen bi asteetan.
San Inazio kalearen goialdea itxi egingo denez, Trenbide kaletik dagoen sarreratik beharrean, Ubitarte kaletik egingo dira ibilgailuen sarrera-irteerak San Inazio eta Antonio Arrillaga kaleetara. Ubitarte kaleko aparkaleku batzuk ere kendu dituzte.
Santa Ana kaleak, berriz, itxita jarraitzen du autoentzako. Garajeetako jabeek eta zamalanak egin behar dituztenek bakarrik daukate bertara sartzeko aukera, Plaza Handitik bideratuta.

Elgoibar obretan

Udara bitartean herriaren itxura aldatuko duten hainbat obra daude martxan une honetan aldi berean.
  • Pedro Muguruza etorbidean ezinduentzako igobide bat egiteko lanak aurrera doaz.
  • Madala ingurua oinezkoentzat jarri eta parke berria egiteko lanak pare bat hilabete barru amaituta egotea espero dutela aurreratu dute Udal arduradunek. Madalako parkean haurrentzako jolasak jartzeko adjudikazioa ere dagoeneko egina dago. Arrizabal Elkartea S.L enpresa elgoibartarrak bat eta hamalau urte arteko haurrentzako jolasak jarriko ditu Madalako parke berrituan, 296 m2ko eremuan. 
  • Ubitarte Buruko Babes Ofizialetako Etxebizitzak egiteko lanak azken txanpan sartuta daude, arduradunek maiatzerako amaituta egotea espero baitute. Etxebizitzen ingurua urbanizatzeko lanak ere hasiak dira, hala nola Trenbide kalean egiten ari diren espaloi berria.
  • Olasoko errotonda egiteko lanak joan zen astean hasi ziren. Eskabadorak eta langileak Olasoko industria gunerako sarrera berria izango denean dihardute lanean, Olasoko hilerriaren alboan.
Informazio gehiago: Herriaren itxura aldatuko duten 3 obra
 

Trenbide kalean espaloi berria egiten ari direla-eta itxi dute Antonio Arrillaga kalerako sarrera bat.

 San Inazio kaleko lanak martxa onean doaz.

Santa Ana kaleko zoru berria hasi da itxura hartzen.

 

Hasi dira Olasoko errotonda izango dena egiteko lanak.

Honela geratuko da Olasoko industria gunerako sarrera berria.