Eskubaloi Eskola Sanloren hazkundean pauso bat gehiago

elgoibarren.net 2009ko mar. 11a, 14:48

Domekan aurkeztu zuen Sanlok ume-umetatik eskubaloian jokatzen hasteko sortu duen Eskubaloi Eskola. Alebin mailako (10 eta 11 urte) 53 ikasle daude eskolan izena emanda; Sanlo EKTk 220 jokalari dauzka hamaika taldetan banatuta. Eta datorren urtean talde gehiago izatea espero dute.
 


1706640467485 Eskubaloi Eskola Sanloren hazkundean pauso bat gehiago

  Eskubaloiak herrian daukan indarraren erakusgarri dira nabarmenduriko datuok. Probintzian Irungo Bidasoak eta Zumaiako Pulpok bakarrik dauzkate eskubaloi eskolak. Umetatik hasten dira egun haurrak baloiarekin jokatzen, baina, hasierako adin hori oraindik gehiago aurreratzeko ordua iritsi dela uste izan dute Sanlokoek, eta Eskubaloi Eskola sortu dute hamar eta hamaika urte bitarteko jokalarientzat. Alebin maila osatuko dute neska eta mutil horiek.


Gipuzkoako hirugarren eskola
Gipuzkoan sortu den hirugarren eskola da Elgoibarkoa: aurrez Irungo Bidasoak eta Zumaiako Pulpo taldeek zituzten eurenak. Domekan aurkeztu zuten herritarrek eurena, baina kontua eduki behar da denboraldi hasieratik ari direla gaztetxoekin entrenamenduak egiten. Mutilen artean normalena futbolera jotzea dela azaldu du elkarteko jarduneko presidente den Carlos Ayestak. “Mutilek normalean futbola aukeratzen dute hasiera batean, baina asko, eskubaloira bueltatzen dira. Guk talde bat baino gehiago dauzkagu, eta ez da derrigorrezko maila bat bete behar. Umeek gustuko zerbait egiteko aukera daukate”.

Kalitate handiko taldeak
Nesken artean, ezberdina da: “Elgoibarren neska gehienek eskubaloian jokatzen dute. saskibaloian talde bat atera berri dute, futbolean beste bat dago, baina eskubaloian, hamaika taldetatik zazpi, neskenak dira”, nabarmendu du Ayestak. Baina kantitatez bakarrik ez, kalitatez ere, handia da Sanlo. “Maila oso ona erakusten dute eskubaloiko taldeek. Sari asko jaso zituzten joan den denboraldian, eta aurtengoan ere bide onean goaz”, gehitu du. Hamaika talde horiek maila ezberdinetan antolatuta daude: senior, jubenil, kadete eta infantilek fitxa teknikoa daukate (167 jokalari guztira). “Alebinak ez daude federatuta, baina aurrekoei batuta, guztira 220 jokalari inguru ditugu klubean”, azaldu du jardunean den presidenteak.

Entrenatzaile beharrean
Jokalariak, beraz, ez dira falta Elgoibarren. Arazoa beste bat da: “Gaur egun, klubeko zuzendaritza batzordea osatzen dugun ia gehienok, jokalarien gurasoak gara. Gure seme-alabak eskubaloian jokatzen daudelako gaude hor. Baina ez dakigu entrenatzen. Entrenatzaile beharra dago, jendea falta zaigu. gainera, senior mailan jokatzen dutenek jokatzea uzten dutenean, ez dira geratzen entrenatzaile jarduteko; eskertzekoa izango litzateke, jokatzea laga arren, klubean jarraitzea umeei erakusten”. Klubean inplikatuta daudenak gutxi xamar izanik ere, daudenak, “oso inplikatuta” daudela ere azpimarratu nahi izan du Ayestak.