“Bizkaieradunek eta zubereradunek euskara batua ikasteko egin beharreko esfortzua ez dugu ulertzen"

elgoibarren.net 2009ko mar. 13a, 13:37

 
Euskal euskalki batzuetako hiztunek, bizkaieradunek eta zubereradunek, bereziki, euskara batua ikasteko egin behar duten esfortzuaz dihardu Mikel Hernandez Abaituak  ‘Euskara batua, bizkaiera eta zuberera’ artikuluan. Idazle elgoibartarrak bertan azaltzen duenez, aipaturiko euskalkietako hiztunek lan bikoitza izaten dute, “alde batetik ia-ia, edo ia barik agian, beste hizkuntza bat ikastea bezala da, eta beste aldetik, uko egin behar izaten diote afektibotasun linguistiko handi bati”.



  Euskara batua, bizkaiera eta zuberera

 Erdiko euskalkiak (ez soilki erdialdekoa) hitz egiten ditugunok ez dugu ziur aski inoiz jakingo edo ulertuko bizkaieradunek (mendebaleko euskara berba egiten dutenek alegia, Gipuzkoa eta Araba aldekoak barne) eta zubereradunek (Zuberoatik kanpoko Eskuila aldeko frantsesak barne) egin behar izaten duten esfortzua euskara batua ikasteko. Lan bikoitza izaten dute. Alde batetik ia-ia (edo ia barik agian) beste hizkuntza bat ikastea bezala da, eta beste aldetik, uko egin behar izaten diote afektibotasun linguistiko handi bati.

 Noski, badakit euskaldun batzuek uste duten baino urrunago daudela euskara batutik zenbait gipuzkera, nafarrera eta nafar-lapurtera. Estatu Batuetan euskara batua ongi ikasi zuen euskaldun berri haren adibidea ekar genezake gogora, Goierrira etorrita bertako gipuzkera ia tutik ulertzen ez zuena. Baina ez dago erkatzerik, praxiak beti erakutsi digu euskara batuaren ikaskuntzan batzuk nahiko eroso mugitu diren bitartean, beste batzuk kexaka eta arranguraka aritu direla sarri, bizkaieradunak batez ere, eta ulergarria da. Kontraesana dirudien arren, egia da, halaber, azken hauek gipuzkera errazago onartzea maizago gertatu izan dela kontrakoa baino, Kardaberazek ere bere garaian jadanik idatzi zuen bezala, baina horrek ez die meriturik kentzen. Zubereradunen ahalegina ere ez da hala-moduzkoa izaten. Berak euskaldunak izanik eta gu manexak, "gure" euskara idatzia onartu dute anitzek etorkortasun handiz.

 Euskara batua sortzea, noski, behar-beharrezkoa izan zen guztion artean elkar ulertu ahal izateko. Gogoratzen dudanez, duela 30 bat urte, oraino gure hizkuntza batuak 11 urte baino ez zituenean, oso ohikoa zen bizkaieradunen eta gipuzkeradunen artean gaztelaniara jotzea, nekez ulertzen baikenuen elkar, nahiz eta zenbait bizkaiera ulergarriagoak iruditzen zitzaizkigun beste batzuk baino. Nik Bergaran lan egin nuenean bergararrei oso ongi ulertzen nien bitartean, nekez konprenitzen nuen osintxutarren eta antzuolatarren euskara eder hura. Esan behar dut, hala ere, bizkaiera beti iruditu zaidala gozoagoa, samurragoa eta musikalagoa gipuzkera baino eta beste horrenbeste erran nezake zubereraz den bezainbatean, euskalki guztien artean musikalena apika, eta ez dut sekula ulertu zergatik esaten zidaten askok txarto berba egiten zutela eta euren euskara zatarragoa zela nirea baino, begien bistakoa zenean beraiena askoz aberatsagoa, ederragoa eta naturalagoa zela. Beren seme-alabei euskara batuaz hitz egiten zieten guraso bizkaieradun bat baino gehiago ezagutu dut tamalez. Aitzitik, eta zorionez, ez da harritzekoa bertako bizkaieraz idatzitako hainbat aldizkari sortu izana herri askotan.

 Bizkaieradun askok euskara batuaz hitz egiten ongi ikasi duten arren, gipuzkeradunok eta gainerakook euskara batuaz idatzi bai baina askotan ia pedantea iruditzen zaigu euskara batuaz mintzatzea, eta okerragoa dena, batzuek hiztun txartzat jotzen dituzte zubereradunak eta bizkaieradunak euskara batuarekin oso iaioak ez direnean. Orain dela hainbat urte, oraino gazte eta berde nintzelarik harako hark esan zuen legez, denboratxoa behar izan nuen konturatzeko Euskal Telebistan askotan agertzen ziren hiztun baldar asko ez zirela euskaldun berri-berriak, bizkaieradunak baizik, harik eta hiztun batek (alferrik eta absurdoki saiatzeaz aspertuta ziur aski) euskara batuaz totelka hitz egiteari utzi eta bizkaieraz zoragarri berba egiten hasi zen arte. Aitzitik, bizkaieradun batzuek ederki ikasi dituzte bi erregistroak, zeharo elebidunak diren pertsonen modura. Zubererari dagokionez, ez dakit oker nagoen ala ez, baina ezagutu ditudan adibideen arabera beti iruditu zait zubereradunek erraz-edo ikasten dutela nolabaiteko nafar-lapurtera, kontrakoa gutxitan ikusi dudan bitartean. Baina gainerako guztiok zer egingo genuke halako batean esango baligute Bermeoko edo Altzürüküko euskaraz berba egiten eta izkiriatzen ikasi behar dugula? Zelan moldatuko ginateke? Oso txarto, begien bistakoa denez. Bada, antzeko zerbait da euskaldun askori eskatzen zaiona euskara batua ikasi behar duenean.