80 zapata paretik gora ostu dituzte Osoro Oinetakoak dendatik

elgoibarren.net 2009ko mar. 17a, 14:21


Sekula ez nuen uste izango gure produktuak, zapatak, lapurrentzat erakargarriak zirenik. Oker nengoen, argi dago. Lapurreta egin diguten estreinako aldia izan da, horrenbeste urte eta gero” adierazi du atsekabetuta Mila Osorok, Osoro Oinetakoak dendako ugazabak. 80-90 zapata pare inguru ostu zizkieten zapatu arratsaldean.

 



  Osoro Oinetakoak dendako jabeak gaur bertan jarri du salaketa Eibarko Ertzain etxean.  Oraindik ez daki, zehatz-mehatz, zenbat diru lapurtu dieten lapurrek. Dakiena da, arrastorik laga gabe egin zutela lapurreta. “Itxura guztien arabera, hatz markarik edo bestelako arrastorik laga gabe egin zuten egitekoa. Eskaparatea ere ez dute ukitu, oinetako guztiak almazenetik eraman dituzte-eta. Oinetakoen poltsak bertan laga eta beraiek ekarritako poltsetan eramango zituzten zapata pare guztiak, uste dugu, 80-90 pare inguru!”.
  Ateko sarraila kendu eta “lasai-lasai” sartu ziren barrura zapatu eguerdian. Ugazabaren ustez, lapur profesionalen lana izan da: “Bazekiten zertan ari ziren. Zapatak ere, markarik ezagunenetakoak bakarrik ostu dituzte, Camper eta Panama Jack etxekoak; guztiak gizonezkoen oinetakoak, gainera. Lapurreta selektiboa izan da” argudiatu du.
 Harrigarria da, bestalde, lapurrek erakutsi zuten abilezia eta odol hotza, zapatu eguerdian San Frantsizko kaletik -herriko erdigunean- horrenbeste zapata dendatik atera ahal izateko, susmorik piztu gabe.

Lapurreta gehiago martxoan
  Tamalez hilabete honetan herrian gertatu den bigarren lapurreta izan da Osorokoa. Aurrez, martxoaren 6ean, Jausoro Plazako Gys Sport dendan egin zuten-eta lapurreta. Gauez sartu ziren orduko hartan lapurrak, denda aldamenean dagoen garajetik. Udaberriko jantziak, oinetakoak eta garajean zegoen autoa ere eraman zuten. Jantzien arrastorik ez dago, baina autoa egun batzuk beranduago agertu zen Tolosan.
 Gau berean, Santa Klarako Viñaras tabernan ere sartu ziren lapurrak, eta makina txanponjalean zegoen diru guztia ostu zuten. Honelako lapurreta jasan duten seigarren aldia izan da tabernaren kasuan.
 
  Lotura duten albisteak: