Azkenengo Barreneko Nire Txanda saileko pasarte bat hartuko dut adibide gisa. (Jabetzen naiz adibide sinplea dena. Baina baliogarria kasurik gehienetarako, ikus bestela testu osoa.) Honela dio:
"Bazenkixen jaiotzen diran milla umetatik lauk jasaten dabela sindrome hori?? Hala da. Estatistikek diƱue autismuaren sindromia jaiotze gaixotasun bat dala."
Batuan:
"Bazenekien jaiotzen diren mila umetatik lauk jasaten dutela sindrome hori?? Hala da. Estatistikek diote autismoaren sindromea jaiotze gaixotasun bat dela."
Hutsala da nere iduriko bien arteko aldea, idazkera bereizten hasteko. Ez ote genuke asmatuko, bigarren testu hori, irakurri ahala, lehenengoak dioen bezala esaten, hau da, batuaz idatzia euskalkian irakurtzen? Ez dirudi hain nekeza horretan ikasteak. Beste onura batzuk ere ekarriko lizkiguke, euskaldun berriei trabak kendu eta auzo ditugun euskalkiei ere beraien eran irakurtzeko aukera emanez.
Ikastetxeetan nola ikus-entzunezko komunikabideetan ere, libreago behar luke nire ustez esatariak, bakoitzak bere musika eta esamoldeekin. Hala, irudikatzen ditut irakasleak, liburu, testu eta arbelean batuan dagoena, bakoitza bere euskalkian azaldu eta etengabe errepikatzen. Kakoa, errepikapenean baitago, hau da, arbelak "zuten" erakusten duenean, irakasleak, behin eta berriz "zeben" edo "eben" errepikatzea. Edo arbelak "handia" badio, irakaslearen ahotik "haundixa" edo "haundiye", liburuetan "dezan" arbelean "dagian" ahozgoran "daixan" etab etab.
Luze joko luke esperimentua lantzeak, baina hemen zirriborratu dizuedana probatzeak merezi duelakoan nago ni. Boluntarioak behar.