Hernandez Abaituaren artikuluaren haritik, proposamena I

Asier Etxaniz 2009ko mar. 18a, 00:15

Ni ere ernegatu egiten naiz, etxeko edo herriko euskararen jabe diren gurasoek, umeari hitz totelka errietan egiten diotenean nolabaiteko euskara batuan. Eta berdin, lagunen batek euskara batuan akatsik gabe idazteko gai izan eta nolabaiteko euskalkian, ez hanka ez buru duen email bat bidaltzen didanean.

Euskalkiak, etxekoak, badu berezko gozotasuna, afektibotasun linguistikoa, eta ez daukagu galtzeko, baina batuan hau dena islatzeko gai ez bagara, beste hark zioen bezala, "euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak (batuak gehituko nioke nik)".

Izan ere, aritzen gara euskara batuaren gainean, asmazio bati buruz bezala, "euskara batua sortu" dio Hernandez Abaituak, "nik nire eran bai baina ez dakit batuan" aditu izan diegu zaharrei. Ez ote dira ba euskara batuan ari? Euskaltzaindia edo dena delakoak aukera bata edo bestea hobetsi, sinetsi nahi nuke dena kabitzen dela euskara batuan, eta hala ez balitz, behin eta berriz bortxatu beharrean gaudela hobespen horiek aldatzen joateko. Bizkaiera "gozoagoa, samurragoa eta musikalagoa" iruditzen bazaigu, ezin ote dugu bizkaiera hori bera batura ekarri? Konparazio baterako, Itxaro Bordaren idazkerak eta Angel Lertxundirenak musika bera ote dute biak batuan ari direlarik? Bistan da euren euskalkia islatzeko gai direla.

Iruditzen zait euskara batuaren eta oro har euskararen irakaskuntzatik datorkigula batua pakete zarratu gisa hartzeko joera hori, eta mendebaldeko euskaldunek, gutxieneko arau zenbaitekin baino, osotasun menderagaitz batekin borrokatu behar izango zutela sarri. Telebistan espainiarretan, agudo igartzen diegu Andaluzia, Kanaria edo Kataluiniako esatariei. Tristea litzateke gurean, bizkaitarrei antzik ere ez ematea.

Azkenaldian, gero eta gehiago ikusten ditugu lekuan lekuko euskalkiari buruzko bilketa, liburu, ikus-entzunezko eta ikastaroak. Hernandez Abaituak dioenez, herri askotan bizkaieraz idatzitako hainbat aldizkari sortzen ari dira. Poztekoa eta beharrezkoa iruditzen zait ahal duenak lanoi heltzea, baina epe luzera, kritikoa naiz idatzizko eredu alternatiboak proposatzearekin, hemen gure Barren honetan zenbait idazten hasia dagoen bezala jarraitzearekin. Ahozkotasunarekin, berbetako tonu eta musikarekin bat datorren eredu alternatiboa behar izatekotan, berriz irakurtzen ikastea proposatuko nuke. Ea adierazteko gai naizen. Jarraitu

 

Ikus hemen: Asier Etxanizen testu guztiak