Errege Kopako finalerako bi sarrera zotz egingo ditu C.D Elgoibarrek

elgoibarren.net 2009ko mar. 18a, 12:02

Haundi Hirugarren mailan egiten ari den denboraldi apartaren ondorioz, -play-off kanporaketak jokatzeko postuetan sailkatuta daude-, eta, gastuak handitu daitezkeela aurreikusiz, zozketa bat antolatu du C.D Elgoibar kirol klubak. Sari nagusia Athleticek eta Bartzelonak maiatzaren 13an Mestallan (Valentzia) jokatuko duten Espainiako Errege Koparako bi sarrera izango da.


Zozketaren harrera ona
  Errifen salmenta bide onetik doala adierazi du Klub Deportiboko presidenteak, Jose Luis Insaustik “Demaseko arrakasta eduki du errifen asuntoak, amua ere ez baita nolanahikoa. Final historikoa zuzenean jarraitzeko aukera ez dago merke, alajaina!. Athleticzale batek baino gehiagok dauzkanak eta ez dauzkanak emango lituzke maiatzaren 13an Mestallan egoteagatik”. Elgoibarren, Jai-alai, Gorbea, King-kong, Kaia eta Iriondo tabernetan eskura daitezke zozketako txartelak.
 Zuzendaritza eta Haundiko jokalariak ere ari dira errifak saltzen. Jokalariek sorta bat saltzeko konpromisoa hartu dute, eta batzuk, “bizkaitarrek batez ere”, dagoeneko saldu dituzte denak. Presidenteak azaldu duenez, “maila mantentzeko taldea osatu genuen denboraldi hasieran, hala uste genuen behintzat, eman duten maila ikusirik baina, aparteko esfortzu bat egiteak merezi duela ikusi dugu. Demasa litzateke play-off-ak jokatzea”.

C.D Elgoibarren zozketa (sariak)
  • 1. saria: Errege Kopako finala ikusteko bi sarrera eta bi lagunentzako hegaldia. Athleticek eta Bartzelonak jokatuko dute Errege Kopako finala maiatzaren 13an Mestalla futbol zelaian, Valentzian.
  • 2. saria: Zuberoa jatetxean bi lagunentzako afaria, bertara ailegatzeko taxiaren gastuak barne.
  • 3. saria: 300 euro.

Haundi, Bigarren B mailara igotzeko borrokan

1706640438617 Errege Kopako finalerako bi sarrera zotz egingo ditu C.D Elgoibarrek

  Denboraldi borobila egiten ari da Haundi Hirugarren Mailan. Elgoibartarrak sailkapen nagusiko laugarren postuan daude 53 punturekin, liderrarengandik puntu bakar batera, 29 jardunaldi jokatu eta gero. Falta diren bederatzi jardunaldiak jokatu ostean, lehen lau sailkatuek Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Une honetan Haundi laugarren postuan sailkatuta badago ere, lehen bost taldeen artean puntu bakarreko aldea dago. Hortaz, lehia gogorra izango da.
 Ziurrenik, Portugalete, Beasain, Amurrio, Elgoibar eta Lagun Onak taldeen arteko lehia izango da, baina elgoibartarrengandik zazpi puntura dauden gernikarrek ere baliteke aukeraren bat izatea. Lehen lau sailkatuek joan-itzuliko kanporaketa bat jokatuko dute zozketa bidez aukeratuko den 3. Mailan ari den Espainiako beste talde baten aurka. Irabazleak beste kanporaketa bat gehiago jokatu, eta gainditu, beharko du Bigarren B Mailara igo nahi badu.
  • Ikus hemen: Hirugarren Mailako (IV. Multzoa) sailkapena