Karakateko tontorrean elkartu ziren ibilaldian parte hartu zuten 40 lagunak, joan zen domekan (martxoak 15). Lagun horien artean, eskualdeko hiru herrietako ordezkariez gain, Zumaiko Natur Taldeko lau kide ere azaldu ziren. Gidari lanak egin zituzten Bergarako Anaje Narbaizak (naturzalea) Koldo Larrañagak (antropologoa) eta Juantxo Madariagak (Nafarroako unibertsitateko irakaslea). Hiruren artean eman zituzten azalpenak, Naasiko goenako tumuluan, Pagobedeinkatuko trikuharrian eta Irukurutzeta gainean.
•Dolmenen ibilbide zoragarria
1921. urtean Barandiaran, Aranzadi eta Egurenek aztertu eta katalogatu zuten dolmenen ibilbide zoragarri hau. Hiru antropologoek egindako lanari esker ondare honen berri jaso ahal izan dugun arren, denbora luzean lagata egon ondoren, duela 25 bat urte Bergarako Kapirixo elkarteak egindako garbiketa lan handiari esker ez dira guztiz galdu eta desagertu. Koldo Larrañagak azaldu zuenaren arabera, 6.000 urte inguruko antzinakotasuna dute "Karakate-Hirukurutzeta"ko monumentu megalitikoek, “ganaduarekin transhumantzian ibiltzen ziren geu bezalako gizakiak izan ziren egileak”.
•Erromeria eta erritoak
Guztira 26-27 inguru tumulu eta trikuharri daude inguru honetan. Anaje eta Juantxoren artean, bertako erromeria eta erritoen berri eman zieten bertaratutakoei, sasoi baten, kristautasuna Euskal Herrira iritsi aurretik, uzta ona izateko konjurua egiten omen zen Pagobedeinkatuaren bueltan. Geroztik, eta kristautasunaren eraginez, bedeinkapenak hartu omen du lehengo konjuruaren lekua. Inguruko herrien bilgune eta festa leku ere izan da Irukurutzeta. Bertara, Bergara, Soraluze, Elgoibar, Antzuola, Osintxu eta inguruetako baserritar eta herritarrak hurbiltzen ziren urteroko erromeria egitera. Erromeria urteetan galduta egon den arren, maiatz aldera, lehengo erromeria oroituz, Atxantxaboletako lagunek urtero antolatzen dute jai txiki bat bertan.
Handik ez oso urruti, Sargoateko parajean ere egiten zen erromeria bat. Sargoateko erromeria urte batzuk geldirik egon ondoren, 1996an berriro martxan jarri zuten, Sallobenteko Jai Batzordea, Debemen, Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala eta Morkaiko M.E.-aren elkarlanari esker. Uztailaren 25ean egiten da Sargoateko erromeria.
Eguraldiak asko lagundu ez zien arren, lanbro eta behe-lainoak ukitu magikoa eman zion ibilaldiari eta bukaera ezin hobea emateko, Urkia zelaiko lagunek emandako salda eta txorizoarekin, barrenak gozatzeko aukera eduki zuten ibiltariek.
Eguraldiak asko lagundu ez zien arren, lanbro eta behe-lainoak ukitu magikoa eman zion ibilaldiari eta bukaera ezin hobea emateko, Urkia zelaiko lagunek emandako salda eta txorizoarekin, barrenak gozatzeko aukera eduki zuten ibiltariek.