Hiri berezia, inondik ere. Txekiar Errepublikako hiriburuak 1,2 milioi inguruko biztanleria dauka; niri, egia esan, bikoitza izateak ere ez ninduen harrituko. Harrigarria dena da horrelako hiri bukoliko batean, erasmus eta turistek zenbat min egin dezaketen kontrolatzen ez badira. Honen harira, amerikar gastronomiak (fast food) bere lorratsa uztea lortu du; KFC, McDonalds, Hockey estadioa... Globalizazioaren industria gastronomikoa, herrialdeen nortasuna mokaduka eta poliki poliki jan nahi duena. Jende afluentzia ugaria duen herria, baina kontrolik gabea, hau da, aniztasuna bada, baina beraien esentzia galdutzat jotzen dute askok.
Europar Batasunean bere “normalizaioa” inminentea da. Bertako moneta dena ere, korona, euroaren pare jartzen ari direla ere nabaria da (McDonals eta KFC bezalako produktu globalek zerikusirik ba ote dute?). Europar batasuneko ikurrak bai, baina... bohemioak? Non dira? Non daude kale artisauak? Artistak? Musikariak? Titiriteroak? Ikusi ditudan gutxiak, produktu hutsa ziren, produktu hutsa. Hiria bera bezala, produktu hutsa bihurtzen dihardute. Beraien izaeraz lotsa ere dutela esan didate, batez ere, amerikar inperioaren aurrean. Zergatik?
Hiri honek asko eman dio Europari, baita munduari ere; pentsalariak, idazleak, manifestuak, kirolariak, artea... (Franz eta Buhomil Kafka, Pragako Esperantoaren Nazioarteko Kongresuan aurkezturiko deklarazioa, ondare gotiko/barrokoa...). Bertako alde zaharreko kaleetan barrena, gazteluaren inguruko bidezidorretan barna, Kafka bizi izan zen etxea (denda hutsa orain) baita bizitzen egon naizen ondare komunistaren ikasle residentzian ere, nabaria da ez dela bestelako urbe edo metropolia. Zergatik lotsa orduan?
Ikasleentzat hiri benetan interesgarria. Erasmus ikasle batek jaso dezakeen bekarekin, bertan, beste esperientzia interesgarri bat bizi dezake. Opera, antzerkia... merkeak, ikasleen eskura, baita hockeya edo futbola ere. Residentzia 120 euro, sukalde prekarioa eta gela bikoitz bat, egunero bertan bazkaltzeak euro bakar bat balio duelarik. Interesgarria, internazionala, jende mota ugariz inbaditua. Arriskua? Zerbeza, hemengoa baino hobea eta ura baino merkeagoa, espainol eta italiano kolonia izugarria, turista masa potoloa... Uztartzen jakin behar juerga, kultura aniztasuna... Garapena, pertsonala nahiz kolektiboa... heziketa, hitz batean. Zergatik, bada, lotsa orduan?
Bost egunetako bidaia bati, laranja txiki bati bezala, zuku asko atera diezaiokegu. Batzuetan gozoa, beste batzuetan garratza... baina beti ere, laranja zukua. Politena? Magia, eguzkiaren arabera herriaren umorea zeharo aldatzen denaren ustea, gris ilun misteriotsutik, urdin gorri urre bizira momentu batean bihurtua. Elurra, eguzkia, udazkena, udaberria... Dena ikusi dut bost egun sakon hauetan.
Hotz giroa. Gazi-gozo azken sentsazioa. Eguzki printza batzuk, baina eguraldi tranpa denaren seinale, ezin fidatu, gaur bero, bihar hotz. Nola ez gara gaixotuko bada horrela? Euskal herrian gaude, nortasunaren nahia galdu ez dugun lurraldean, XXI.mendeko Bohemia. Lotsatu beharko genuke?
Bankuan jarriko gera eta eingou berba?
- Ikus hemen: Joanes Rodriguezen testu gehiago