Euskal preso politikoen aldeko sinadurak batuko ditu Elgoibarko AAMk

elgoibarren.net 2009ko mar. 24a, 13:20

 
Larriki gaixorik dauden presoen eta kondenak beteak dauzkatenen kaleratzea eta, oro har, euskal preso politikoen eskubideen aldeko sinadura bilketa jarri du abian Elgoibarko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Batutako sinaduren sostenguaz, Elgoibarko Udalak presoen aldeko aldarrikapena egin dezan nahi dute.

 
 


 Elgoibarko AAMk beharrezkoa ikusten du “herriaren posizio hartzeaz gain, eragile politikoek ere euskal preso politikoen inguruan beraien postura argi erakuts dezaten”. Ondorioz, Elgoibarko eta Euskal Herriko gainerako Udaletako osoko bilkuretan, eta ondoren, bi legebiltzarretan posizio hartze bat egiteko eskaria egin nahi dute, asmo horretarako bildu nahi dituzten sinaduren sostenguarekin.

 Eskatzen duten posizio hartze hori ondorengo hiru puntu hauen inguruan zehaztu dute:
  1. Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak berehala aska ditzatela.
  2. Biziarteko zigorra ezartzeko neurriak bertan behera utz ditzatela: kondena betea duten presoak kaleratuz eta kalean dauden preso ohiak bakean utziz.
  3. Euskal preso politikoak euskal herriratuak izan daitezela, sakabanaketa eta bakartze politikarekin amaituz eta beraien eskubideen jabe izanez.
Sinadura bilketa
  •  Zapatuero, 11:30etik 13:00etara, batuko dituzte sinadurak Kultur Etxeko atarian.
  • Aste-barruan, berriz, Txuri Beltz eta Iratxo tabernetan prest egongo diren orrietan eman ahalko dira sinadurak.