Ekaitza

Asier Etxaniz 2009ko mar. 24a, 23:53

Bada Elgoibarren Ekaitza izeneko gain bat. Urnobitza eta Peto mendien artean kokatua, Azkarateko baserritik abiatzen den pistan gora joanda hel daiteke bertara. Ez dut Foru Aldundiko mapa eta ortofotoetan izendaturik topatu, baina ezagutzeko moduan dago, soilgune batean hiru txabola antzematen baitira, menturaz Hirutxaboleta deritzena. Leku honetan, itxura denez, garai batean festa antolatzen zen asentzioetan.

Txori txiki batek kontatu didanez, 1950. urtearen bueltan, toreatzaile eta guzti zuten antolatua egitaraua. Toreroa famatua zen, bertakoa, Plantillerito (Bartolome Gorrotxategi). Ordurako 70 urte inguru izan behar zituen eta justu antzean ibiltzen omen zen bizkarra makur makur eginda. Atera kontuak zer ikusmin zegoen hura zezenaren aurrean jolasean ikusteko.

Festara ekarri zituzten larre behiak aurrean, Plantilleritoren ibilerak begi bistan, artean ume zen nire txori txiki kontalariari gainez egin omen zion hango irrika, tentsio nola etor zitekeenak, eta ondoezak jota, bertatik erretiratu behar izan omen zuten zorabiaturik.

Kontakizun hauxe bera dakarkit gogora egungo lehendakaritzarako lehia honek. Oraindik lehendakaria zehaztu gabetanik, bat baino gehiago ondoezak jota, zorabiatzeko zorian gainera datorkigunarekin, esan nahi baita, zer ez digute egingo hauek agintean ezartzen direnean.

Zer nahi duzue esatea! Badut gogoa zezenketa hau ikusteko, eta zezenketara doanak odola ikusi nahi! Badut gogoa ilegalizazioak ekarri duen atrofia honek zer dakarren neurtzeko; gaitzak zenbateraino gaitz eta gaitzerdiak zenbateraino gaitzerdi.

Ah! Oraindik ez dizuet kontatu, Plantilleritok oso osorik bukatu zuen Hirutxaboletako saio hura, are gehiago, astebete beranduago errepikatu egin zuten. Orduan, gure txori txikia pareko bailaran geratu omen zen, urrunetik begira, eta larre behiak ihesean alde egin omen zuen maldan behera.