‘Bidaia Intimoak’ film dokumentala emango dute Herriko Antzokian

elgoibarren.net 2009ko mar. 26a, 09:07

 
Gaur abiatuko da Korrika 16 Tuteratik, 17:30ean. Elgoibarrera apirilaren 2an ailegatuko da Euskararen aldeko ekimena. Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren Gasteizen amaituko da apirilaren 5ean. Girotzen hasteko, Bidaia Intimoak film dokumentala izango da ikusgai, gaur iluntzean (21:30), Herriko Antzokian. Euskararen mundura hurbilduta-ko lau pertsonaren historia eta istorioak kontatzen ditu filmak. Laurek ikasi zuten euskara, eta bidaia intimo horiek kontatzen dituzte. Jon Maia zuzendaria edo protagonistetako bat bertan izango dira.



Ongarri zine kluba eta AEK euskaltegiaren arteko elkarlanean eskainiko dute gaur Bidaia Intimoak film dokumentala (ikus trailerra) Herriko Antzokian. Korrika dela-eta ekintza gehiago ere antolatu dituzte.

  • Korrika Txikia:  Apirilaren 2an bertan Korrika Txikia izango da. Hiru ikastetxeetako 5 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartuko dute.
  • Afari-merixendia: Korrikari ongi-etorria egiteko Plaza Txikiko arkupeetan afari-merienda antolatu dute, Mauxitxa txaranga bertan izango delarik. Jana norberak eroan beharko du, eta edaria AEK-ren kontu. Mauxitxa txarangaren kalejira 19:30ean hasiko da. Afari merienda, berriz, Korrikaren lekukoa ailegatu baino bi ordu lehenago, 20:00etan, hasiko da. Iluntzeko 21:00etatik aurrera txarangak berriz ekingo dio giroa alaitzeari, Korrika heldu arte. Ongietorrirako deialdia 22:15ean egin dute Txarridunaneko errotondan.

IBILBIDEA:
Elgoibarrek Azkarateko tunelaren irteeran hartuko du lekukoa. San Antolinera heldutakoan, errepide zaharretik jarraituko du. Honako ibilbidea egingo du: Karkizano gaina, San Pedro kalea, Meliton, Pedro Muguruza, Ermuaranbideko errotonda, Bernardo Ezenarro, Pedro Migel Urruzuno, Nafarroa Plaza, Errosario kalea, Foruen Plaza, San Bartolome kalea, Nafarroa Plaza, Pedro Miguel Urruzuno, Bernardo Ezenarro, Ermuaranbideko errotonda, Pedro Muguruza, Meliton, San Pedro, Karkizano gaina, San Antolin, N634, Altzola. Mendaron, seguruenik txokolateriatik sartuko da. Kalea zeharkatu eta Debarantz joko du.

Laguntzeko modu asko

Petoa jantzi eta Korrikarekin antxintxika egitea ekimenari laguntza emateko modu bat dela nabarmendu dute antolatzaileek. Dena den, laguntzeko beste aukera batzuk ere badaude: batetik, Korrika-laguntzaile txartela atera daiteke; bestetik, elkarte, talde edo erakundeek kilometroa erosteko aukera dute. Azkenik, enpresa zein komertzioek diru-laguntza eman ahal izango dute.

BIDEOA:
Korrikaren historia: 1980-2009 (eitb)

Lotura duten albisteak: