Aspaldiko Axeri-dantzaren erritual indartsuari omenaldia egin die Urbeltzek. Apirilaren 3an izango da emanaldia, 22:15ean, Herriko Antzokian.
•Lau dantza talde elkarlanean
Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari taldeko bi dantzarik parte hartzen dute, 2008ko otsailean Arriaga antzokian estreinatu eta dagoeneko Donostia, Iruñea, Mungia, Donibane Garrzi, Andoain edo Eibarren aurkeztu den dantza ikuskizun honetan. Elgoibartarrekin batera, Donostiako Argia taldekoak eta Eibarko Kezka dantza taldeko dantzariek parte hartzen dute.
- Sarrerak salgai daude dagoeneko: goizez Kultura Sailean, eta arratsaldez, Gazte Informazio Bulegoan. Emanaldirako sarrera horiek zortzi euro eta erdi balio dute, eta erosterako orduan Gazte Txartela erakusten dutenentzat sei euro.
•Euri eta eguzki
Euria eta eguzkia, biak batera gertatzen direnean, hau da, ortzadarra sortzeko baldintza horiek ematen direnean, Euskal Herrian esan izan da azeriek ezteiak ospatzen dituztela. Mito hori bera Japonian ere aurki daitekeela konturatu zen Urbeltz, eta hari horri tiraka prestatu du ikuskizuna. Akira Kurosawak Dreams filmean, lehen istorioa, "Sunshine through the rain" gai beraren ingurukoa da. Istoria ederra bezain harrigarria da.
Beraz, hor ditugu Euskal Herria eta Japonia, eguraldia eta azeriak lotzen dituen mito baten inguruan lotuta. Abiapuntu horrekin euskal tradizioan egin izan diren hainbat azeri-dantza bildu eta berregin ditu Urbeltzek eta 40 dantzari eta 10 musikarik eszenaratzen duten ikuskizuna prestatu du.
- Iturria: Oier Araolaza/Eibar.org