Bigarren Territorial mailako liderrak dira Alcortako mutilak, liga amaitzeko partida bakarraren faltan. Orain arte jokatu dituzten 21 partidetatik 18 irabazi eta bakar bat ere ez dute galdu; hiru berdinketa besterik ez dituzte laga bidean. Errenteriako Ereintza taldea izan da elgoibartarrei itzala egin dien talde bakarra denboraldi honetan. Errenteriarrek ere garaipen eta berdinketa kopuru berdina ageri dute sailkapenean.
Bi taldeen arteko alde bakarra, sartutako eta jasotako goletan aurki daiteke. Estatistikek erakusten dutenez, Alcortak eduki du golak egiteko erraztasun handiena: 672 gol sartu ditu. Ereintzakoak, berriz, defentsan ibili dira trebe, gol gutxien jaso dituen taldea izan baita (408), alde nabarmenaz.
Hortaz, azken jardunaldiak erabakiko du zein den talderik indartsuena; eta zein joko filosofiarik eraginkorrena, erasoko jokoa ala defentsakoa?
Bi taldeek kanpoan jokatuko dute partida erabakigarria, Alcortak 10. sailkatuaren aurka Ordizian eta Ereintzak 5. sailkatuaren aurka Tolosan.