Dolomitak eta Italia iparraldea Ostegun Bidaiarien azken saioan

elgoibarren.net 2009ko api. 2a, 10:29

 
Ostegun Bidaiariak hitzaldi zikloa amaierara iritsi da. Ane Garmendia elgoibartarrak Dolomita mendilerroan eta Italia iparraldean zehar furgonetaz eginiko bidaiaren xehetasunak azalduko ditu gaur (apirilak 2) Kultur Etxeko hitzaldi gelan, 19:00etatik aurrera.

 
 

 Bigarren urtez jarraian, munduko hainbat bazter eta herrialderen inguruko informazio erabilgarria eman dute aurten hainbat bidaiarik lau hitzalditan, Gazte Informazio Guneak antolatu duen Ostegun Bidaiariak hitzaldi zikloan.
Naturazaleen eta kirolzaleen paradisua
  Laugarren eta azken hitzaldia eskainiko du gaur Ane Garmendiak. Naturarekin kontaktuan egoteko eta kirola egiteko guztiz aproposa den Dolomita mendilerrora (Italia) furgonetaz eginiko bidaiaren nondik norakoak azalduko ditu elgoibartarrak. "Natura aldetik eskaintzen dizuna sekulakoa da: ez dauka zerikusirik Pirinioekin. Gainera, ez da gazteentzat bakarrik: parke tematiko bat bezalakoa da. Natura gustatuz gero, gomendatzeko moduko tokia dira Dolomitak" azaldu du Garmendiak hitzaldian azalduko duenaren aurrerapen moduan.
Munduko bazterrak gertuago 
 Aurreko hiru hitzaldietan urruneko bazterrak gerturatu zituzten bidaiariek. Hala, lehen hitzaldian Santiago Bidea eta Interrail izan zituzten hizpide Joanes Rodriguez, Ion Sanchez eta Iokin Zubiaurre elgoibartarrek. Bigarrengo hitzaldian Costa Rica, Panama eta Mexiko aldeko hondartzetan olaturik onenen bila egin zuten bidaia azaldu zuten Aimar Lasa eta Deba Urizar surflari debarrek. Hirugarren saioan, berriz, Ama Afrika izeneko hitzaldia eskaini zuten Billabonako Luisa Montecelok eta Onditz Jauregik. Maroko, Mauritania, Mali, Burkina Faso, Ginea Conakry eta Senegalen zortzi hilabetetako bidaian bizitakoak azaldu zituzten.