Iritsi da, baina, agur esateko ordua. Hinton-en gosaldu eta bagatoz berriro bezperan ikusitako Jaspers-era. Azken erosketaren bat egin, postalen bat idatzi eta geltokira. Maleta handiak konsignatu behar ditugu, Torontora artean agur esan.
British Columbiako Vancouvertik New Scotland-eko hiriburu den Halifax-era joan daiteke tren transozeaniar honetan: Pazifikotik Atlantikora. Guk 534,9 mila egin ditugu autoz. Beste 2.408 mila geratzen dira Montrealera, geltokiko horman hizki handiz irakur daitekeenez. Toronto lehentxoago dago. Gau eta eguneko ibilian, egun bi eta erdi egingo ditugu hara iristeko: lau mila eta bostehun kilometro inguru.
Apur bat atzeratuago dator trena. Turistikoa da eta bidaiariek paisaiaz gozatzea dute helburu, ez ordurako inora iristea.
Bagoi asko dira. 220 zenbakia da gurea eta Butler Manor izena darama ate ondoan idatzia. Bagoi bakoitzak badu Kanadako pertsonaia edo lekuren baten izena.
Gurekin batera sartu dira Tomas eta Jeanne ere, egun batzuetan gure etxe izango dena ikustera. Esku-poltsak geure lekuan kokatu, besarkada estu eta luze bana elkarri eta agur, ikusi arte, eskerrik asko. Negarra ez da aparte. Haiek Vancouver aldera bueltan eta gu Torontora, etxerako bidean.
Gure leku berriaz laster jabetu gara. Bi egun eta erdiz egoteko estutxoa aukeran.
Emakume nagusi bat sartu da gugaz batera. Atzeko jarlekuan izango dugu auzo Torontora bitartean. Berezia da oso. Dendan erosi berri dituen hainbat pitxia erakusten dizkigu, erretolika luzea botatzen digun artean. Erdiak edo ulertu dizkiot. Bilobak eta aipatzen ditu. Gero, bere jarlekuaren inguru guztia argazkiz bete du, guru baten santutegia bailitzan. Hari luzerik ez ematea erabaki dugu.
Trena abiatu denean, jaiki eta inguruak ikusmiratzen hasi naiz, trenaren triki-traukuan balantzaka neu ere. Gure bagoitik azkenengora lau pasatu ditut: Wolfe du izena hurrengoak (Montcalm frantses buruzagi militarrari Quebec-en egundoko jipoia eman zion britaniarraren izena); beste batzuk gero eta, azkenik, Strathcona izenekoan dago edariak eskatzeko barra, eta jokoan nahiz egunkaria irakurtzen jarduteko areto ederra. Azken gunean, beste sofa eder asko eta edariak zein frutak, nahi adina doan. Eskaileran gora igo eta skylane delakoa, beirazko gune aproposa, inguruak ikusmiratzeko.
Bide hau trenez behin baino gehiagotan egina duen anaiak esanda, badakit ez dudala hemendik aurrera gauza arretagarri asko ikusiko. Vancouvertik Jasper-erakoa da ikusgarriena, baina guk hori autoz eta astiro ikusia dugu. Behin Jasper pasatu eta gero, parkea laster amaitzen da eta lur ordeka nagusitzen. Han urrutian dorre bat ikusiko duzu eta, hurbildu ahala ohartuko zara garaua gordetzeko siloak baino ez direla. Gero beste bat eta gero beste asko, lautada amaigabean galduta. Zuhaitzak bakandu eta laborantzako zelaiak nagusitzen dira, orain, berde, orain hori: garia, kanola, mustard... Kanola aipatu dut eta merezi du landare honek azalpentxo bat. Akronimo bat duzue Canola hitza (CANadian Oil Low Acid): Azido gutxi duen kanadar olioa. Hemengo lorpena da eta horregatik izen hori. Osasunarentzat komenigarria da koltza mota hau. Bihotzaren olioa izenez ere ezagutzen da canola-olioa. Informazio osoagoa lortu nahi baduzue, sartu interneten eta eskatu Google-ri. Ondo informatuta geratuko zarete.
Garia nekez heltzen da hemen, udaberri berandura arte elurpean egun baitira ordeka hauek; ez nolanahiko elurtzaren azpian, gero! Lurretik harrabete baino asko gehiago ez du jasotzen burua landareak. Garau ugari eta ederra bai, baina lasto gutxi.
Alboko jarlekuan doan emakumeak Vancouver-en egiten du lan. Lege-liburuetako argitaletxe batean, ulertu diodanez. Amaren eguna du bihar eta bisitan doakio Winnipeg baino lehenago dagoen Brandon herrira. Familia baserritarrean sortua da. Aitita eta amama Ukraniatik etorriak, aurreko mendearen hasieran. Hirian bizi da, baina maite du umetan bizi izandako baserri edo farma girora itzultzea.
Edmonton da Albertako hiriburu. Hazten ari da, inguruan dituen lantegi berriek adierazten dutenez. Ez dugu geldialdi luzerik egin. Banaka batzuk jaitsi eta gehiago sartu dira, jubilatuak gehienak.
Jatorduetarako bi txanda dira. Guri bigarrena tokatu zaigu, alboan doanari bezalaxe. Harekin egin dugu afalordua 7ak aldera. Ederra da jangela eta eguzki sarreraren xarmak ederragoa egiten du gunea, bazterrak urreztatuz. Goi mailako jatetxeetan bezala artatu gaituzte, maitre eta guzti. Zerbitzariak oso atseginak eta menuan aukera asko. Anoatik aparte ardo edo zerbeza gehiago eskatuz gero, aparte pagatu behar duzu. Jan eta kontuak esan, etengabea da berrogei pertsona inguruko jangelan sortzen den berbaroa. Jubilatuak gara gehienak. Hegazkinez bidaiatu nahi ez dutenak ere bai tartean eta, gu bezala, tren historikoan Kanada zeharkatzeko gutizia izan dugunak beste asko. Gosaria zortzi eta erdiak aldera, luntxa hamabiak aldera eta afaria iluntzeko zazpiak aldera. Ondo eta ugari. Goseak ez gaitu hilko.
Trena astiro dabil egunez, skylanetik bazterrak ondo ikusteko patxada eskaini nahi baligu bezala. Sarri-sarri, Pazifiko aldera merkantziaz beterik doazen bagoiak gurutzaten dira. Ehundaka bagoi bai, era askotako materiala daramatela: egurra, burnia eta, batez ere, garaua. Asiako herrietara eta Errusia bertara ere garau asko bialtzen du Kanadak. Zorretan ere ez ei dauka gutxi Errusiak Kanadarekin garia dela eta, baina kobratzeko itxaropen handirik barik. Izan ere, mundu erdia elikatzeko beste zitu bada lautada infinito hauetan.
Lehen afaritik bueltatu garenerako prest zeuden lotarako oheak. Txukun eta ondo. Eguneko berritasunek eta trenaren triki-traukuek ez didate utzi ondo lo egiten, baina hurrengoan kitatuko ditut gaurko ezak. Bitartean ez dugu paisaian gauza handirik galdu. Trenak bizkor zeharkatu du Saskatchewan estatuko lautada. Jaiki, gosaldu eta laster ikusi dugu gure alboko laguna Brandon-eko geltokian jaisten. Agur eta zorionak amari. Patata sailak ere handiak hemen. Manitoban sartuak garela eta erlojua beste ordubetez aurreratzeko esan digute. Manitoba laku handia izan behar du hor ezkerretara dagoen itsaso zabal horrek.
Winnipeg gariaren hiriburua zela ikasi genuen umetan. Ez da harritzekoa. Hala ere, gaur egun beste industria mota batzuk ere ikusten dira hiriaren inguruan. Trenetik irten gara hankak luzatzera eta langileek ordu erdi batez egin dituzte beharrezko garbitasunak: urak aldatu, despentsa hornitu… nik dakit ba, zer! Lurpean dago geltokiko egongela. Ez da harritzekoa hori ere; zero azpitik 40 graduko tenperaturak izaten diren paraje hauetan lurpean egiten dute bizimodua, urteko sasoi jakin batzuetan.
Kanadako hiri batek baino gehiagok du bere Underground City Halla komeni neguan inguru hozpera hauetan. Winnipeg, 2008-07-22
6. SIOUX LOOKOUT
Zerbitzarien txanda berrikoak sartu dira Winnipeg-en. Francis izeneko bat haien artean. Quebec-en, Gaspesie penintsulan, sortua da eta ingelesa eta frantsesaz gain gaztelania ere badaki, Bolivian ikasi omen zuen eta hala igartzen zaio hegoamerikarren doinuan eta hitz batzuetan : -ahorita les atiendo, ahorita lo verán…
Behin baino gehiagotan izan dugu harekin hitz egiteko aukera. Zorte handitzat dauka Rail Canadaren tren turistikoan lan egitea. Ondo ordaindutako zerbitzua omen da. Ezagun du frantsesa maite duena, etxekoak frantses zaleak direla, Quebec-en beste asko bezala. Canadian Pacific trenbidearen historiaz hitz egin dugu eta beste inon entzun ez dugun gauza bat azpimarratu digu : - Jende asko hil zen, bai, eraikuntza zail honetan, eta gehienak txinatarrak izan ziren. Haien peoitza lanari esker burutu zen arrakastaz eta azkar bide luze hau. Gaur egun Vancouver aldea txinatarrez beterik dago eta langile haien arrastokoak izango dira, ziurrenik, asko.
Manitobako lautadak eta lakuak, lauak hauek ere, atzean uzten ditugun trenaren ibilera patxadatsuan. Hankak luzatzeko gogoa ere egin zaigu; trenean bertan ere badago hara eta honera ibiltzerik, baina ez da gauza bera. Hankek eta gorputzek lur tinkoan egindako ibilalditxoaren premia dute.
Zer pentsatuko zenukete, lozorrotik esnatu eta Sioux Lookout (talaia) izen deigarria duen geltokian zaudetela ohartuz gero? Ba, horixe bera gertatu zaigu arrats honetan. Indioen txilio eta alarauak falta bakarrik, diligentzia barruan inguraturik gaudela pentsatzeko. Trenari garbitu bat emateko denbora hartu dute zerbitzari eta mekanikoek eta guk lurra eman diegu oinei. Giro epela arrats gorrian. Herritik aparte samar dago geltokia. Halako batean, trenaren azpitik buzo zikinez jantzitako gizon bat atera da. Guregana dator zuzen, baina izkin egiten diogu. Ez du buruz oso-osoa izan behar, hango batek keinuz adierazi digunez. Banengoen, ba, ni ez geundela oso seguru paraje hauetan!
Bigarren gauan ere trena bizkor ibili da, esnatu nintzen une laburretan konturatu nintzenez. Eguna argitu eta laster, gosari frankoa egin eta gaineko skylanera joan gara. Honepayne da azken egunari hasiera eman dion herria. Besterik ez dugu ikusiko beste apur batean; herri gutxi Kanadan, bata bestetik oso urrun, ordu askotara. Lautada da nagusi, baina orain basoak ere tartekatzen dira eta han-hemenka laku ederrak zerura begira. Errebuelta luzeetan ikus daiteke trenaren aurreko muturra, han urrutian.
Trenbidea bikoizten denean, zain gelditzen gara askotan, merkantzien tren amaigabeari bidea libre lagatzeko.
Azken afaria egiteko, lehendik ere lagun dugun bikotea jarri da gure aurrean. Bereziak dira, gu ere halakoak izango gara eta askorentzat. Seme-alaben argazkiak erakusten dizkigute. Gazte samarrak dira, trenean doan bikoterik gazteena ziurrenik, eta 9 umeren guraso. Erlijiosoak oso eta jazkera berezi samarrak erakusten duenez, sektaren batekoak edo. Sartaldeko eguzkiak distira gozoz janzten du jangela guztia eta baso artetik etengabe ikusten diren laku baketsuak dia gure afari erromantikoaren lekuko.
Urkia da nagusi Ontarioko basoetan. Ez da makala izango udazkenean baso eder hauek eskainiko duten kolore festa. Iluntzeko zortzietan Torontora ailegatzekoa zen gure trena, baina hiru ordutako atzerapena ba ei daroagu. Tren turistikoa izaki, oporretakoa eta, gainera, ehuneko 90ean jubilatuena. Nori dio axola hemen orduak? Badira, hala ere, protesta batzuk: ostatura berandu iritsiko garela, hurrengo goizean beste tren bat hartu behar dutela…
Lehen berandu eta ustegabeko bat bidean. Halako batean, Ontario lakuaren distira han urrunean somatzen genduanean, gelditu egin da lehen ere astiro joian gure zalditzarra. Gelditu eta geldi egon ere luzaro.
Merkantzien trenen bat, itxura denez, jubilatuok baino lehentasun handiagoa duena. Atzeraka hasi da gure zaldia eta halaxe bide luzean… 10 kilometro baino gehiago. Jendea harrituta edo kexuka edo biak batera. – Vancouver-en maleta bat ahaztuta laga ei dute eta haren bila, kontizu.
Azken bagoian nago eta han dago popako kapitaina bere telefonotxoaz lokomotoran doanarekin hizketan. Trena atzerantz eta neu lehenengo bagoian. Halako batean agertu da trenbide bikoitza eta haraxe baztertu gaituzte turistok. Hamar bat minutu zain egon eta han agertu da bidean askotan gurutzatu ditugunen antzeko merkantzien trena. Bost bat minutu egin ditu pasatzen.
Kontua da gaueko hamabiak ondo jota, ia erdietan, heldu garela Torontora. Bi egun eta erdi, juxtu. Lurpean da hemen ere geltokia. Gure lagun izan diren zerbitzariak eta gainontzeko lagunak agurtu eta maletak hartzera igo dugu goiko solairura.
Bagenekien koinatak geltokitik gertu hartua zuela gure hotela, baina, gaua izaki, badaezpada taxia hartzea erabaki dugu. Beltz handi batek sartu ditu maleteroan gure pardelak eta galdetu. Haginak baino ez zaio ikusten: - Where?
- Strathcona hotel.
Pardelak berriz atera eta eskuz erakusten digu : - Is there, in the corner.
Gora begiratu eta kokoteko mina egingo zaizu, zerua bilatzen saiatzen bazara. Etxe erraldoi hauek, errespetua ez eze, beldurra ere sortzen dute gaueko ordu hauetan. Makaleko aldaketa egin dugu Sioux-en paraje baketsutik hiri honetako gau arriskutsura. Gustura hartu dugu ostatuan babesa.
Toronto, 2008-07-23
7. TORONTO ETA NIAGARA
Bi egun hemen eta bat Niagaran egin behar ditugu. Onena autobus turistiko bat hartzea izango da. Horixe egin dugu. Toronto zaharra eta berria alderatzeko aukera eman digu horrek. Etxetzarren atzean eta itzalean badira XVIII. eta XIX: mendeetako eraikinak ere: lantegiak, elizak, azoka, eta etxe txikitako merkatal kalea. Azalpenak ingelesez ematen dituzte eta erdi ulertu ere bai, hilabete entzuten dihardugun musika da eta. Izan ere, hizkuntza bakoitza melodia bat da eta hobe duzu entenditzen gehiegi ez saiatzea. Halako batean, ia konturatu barik, melodiak berak hartzen zaitu eta mezua berez iristen. Bi hilabete eta hiru ere ez dira aski, dena den, zeurearen erro berekoa ez den hizkuntzara belarria egiteko.
Jendea jaitsi egiten da, zenbait gunetan, ohikoa den bezala, baina guk hobe dugu ibilaldi osoa irten gabe egitea. Ez dago astirik bazterrak astiro ikusteko.
Ikusi dugunak argi erakutsi digu Toronto hiri Estatu Batuarren antzekoa dela. Bankoek, hotelek eta enpresa multinazionalen bulegoek hartu dute erdigune guztia. Zementoa, beira eta burdina nagusi. Garai batean handienak izandako elizak barregarri, nano hutsak erraldoien arteko ezkutu eta itzaletan. Baseball-ean eta, ziurrenik, beste joko mota batzuk egiteko Rogers Centre ederrak itxura polita dauka kanpotik. Partidurik balego, barrutik ere ikusiko genuke.
Egunetako nekeak erasanda, zerbait jan eta loalditxo bat egitea erabaki dugu. Dena ikusi nahiaren estresak ez gaitzala gainerasan: Primum vivere. Munduan ibili zabiltzala, unerik ederrena zera da: paisaiak berak edo giroak, berez-berez, bereganatzen zaitueneko hori. Dena irensteko grinak enpatxoa baino ez du ematen. Beraz, loalditxoa egin eta hoteleko internetean zabadu dut leihoa. Ia Vancouvertik bialdu nituen artikulutxoak iritsi diren. Izan ere, lehen hamarrak argitara ziren, baina gainontzekoek ez dute biderik aurkitzen. Atzera bueltatzen zaizkit eta ez dakit zein den motiboa, Argazki eta guzti bialdu nituen batzuk eta nire buzoiak ez du izango, akaso, horrenbesterako lekurik. Nire testigantza irakurtze dutenek barau egin beharko, hurrengo batean argitaratzen diren arte. Ez da neure errua izan, dakidala behintzat.
Goizalban txoriek bezala egin dugu, berriro, kalera pauso. Badute bere grazia etxetzar hauek. Kolore ezberdinetako beiraz egindako forma karratu luzeak, euren arteko elkarrizketan, han goiko eguzkia hartzen. Gu, nahiko akonplejatuta, itzalpetik itzalpera, alde guztietara so. Portu aldera jo dugu. Ontario lakua dugu aurrez aurre eta aurreko irlara joateko itsasontziak, zerbitzua eskaintzeko prest. Berandutxo horretarako.
Bihar goizean Niagara Falls ikustera joan behar dugu. Goizeko zazpietan da trena eta azkar ibili beharko. Goizean autobus turistikoan ikusi dugun hurbileko kale batean aukeratu dugu afaria gustura egiteko txoko bat. Ilunduta gero egin dugu etxerainoko bidea; kalean jende gutxi dabil eta badaezpadakoa ere bai tartean.
NIAGARA FALLS
Hegazkinetan bezala. Trenean sartzeko ere ordu erdi aurretik egon behar duzu ilaran. Boarding entzun orduko jartzen gara guztiok lerroan. Maletaren bat kontsignatu nahi baduzu, lehenago, noski. Ordua iristen denean, txartela erakutsi eta aurrera. Bagoi bakoitzaren atean duzu azafataren bat ongi etorria egin eta zure jarlekua zein den adierazteko prest.
Tren ederra da Niagarara garamatzan hau. Bi ordu luze izango dira. Tartean, kafea eta beste edari mota asko eskaintzen dituzte. Fruta ere bai, hala nahi baduzu. Egun ederra dator eta horrek ematen digu pozik handiena. Judutar familia bat ere gugaz eta gure ondoan dator. Argentinarra da gizonezkoa eta israedarra emaztea. Sendagilea azken hau. Kongreso bat dute Quebec City-n eta, bide batez, bazterrak ezagutzen.
Trena New York-era doa. Gu utzi gaituen lekutik ur-jauzietara badira 6 bat kilometro. Taxia hartu dugu. Judutarraren ideia izan da laurok taxi bera hartzea. 10 dolar lauron artean.
Urrunetik ikusten da urak aireratzen duen lurruna. Bikote bakoitza geure aldetik ibiliko gara. Egunak lagundu digu, gero! Bai ederra uraren ikuspegia eta hotsa!
Estatu Batuetako jauzia da lehenik ikusten duguna. Hor dago, aurrez aurre. Jendea ere bai mugaz handik begira, baina ezin dute lortu guk dugun ikuspegi ederra, muga pasatu ezean. Canadako jauzia dago haratago. Jendea presaka ikusten dugu, Maid of mist (behelainoaren dama) ontzira sartu eta jauzietara hurbiltzeko tiketa lortu nahirik. Gu lasai. Jendea, berdegune zainduak, hotel eta dendak ikusmiratzen, batez ere ura. Hark irabazten du guztion arretarik handiena. Argazkia handik, argazkia hemendik: - Zuek guri eta guk zuei. Gozamena da, gero, hemen holako egualdiarekin egon eta ibiltzea!
Aintzinako hidroelektriko konpainiaren eraikuntza neoklasikoa ere ikusi dugu eta gero ederto zaindutako lorategi tropikal bat. Han behean dabiltza itsasontziak ur-jauzietara joan eta buelta, jendea plastiko urdinez babestuta. Estatu Batuetako gunetik irteten direnak plastiko horiz janzten dira.
- Ni ez naiz ausartzen, baina zuk joan behar duzu - dinost emazteak. Banoa, gehiegi pentsatu barik. Ederra eta segurua izango da, umeak ere badoaz eta. 14 dolar ordaindu, goitik beherakoan plastikoa hartu, argazki kamara poltsikoan gorde eta bagoaz talde handi bat. Amerikar bat gertatu zait aldamenean. Neure ingles apurrean aurkezpena egin eta lagun egin gara. Wyoming-goa da eta familiarekin dago hemen.
Euskaldun asko ezagutu du Wyoming aldean eta lagun handiak ere baditu haien artean. Euskaldunak estimu handian ditu. Elkarri argazkiak ateratzeko laguna lortu dut, bide batez. Bustialdiaren lekuko izango diren argazkiak.
Ez da gauza bera ur-jauzia goitik ala behetik ikustea. Pelikula bat ikustea eta hartan parte hartzea ezberdinak diren bezalatsu. Txipristinek urrunetik ere busti egiten zaituzte. Zaila da kamara bustiko ez deneko tarte bat hartzea. Asko hurreratu gara eta oihuak nagusitu dira behe-lainoaren artean. Ume izutuen negarrak ere entzun ditut. Behin honeraino etorriz gero, merezi du, bai, bustialditxo honek.
Etxerakoan taxia hartu eta trenera berriro. Berandu dabil trena. 11S ondoren asko aldatu ei dira mugetako kontuak Estatu Batuetan. Handik datorren trenaren zokomoko guztiak arakatu dituzte. Paperak ondo ez zituen bat edo beste kanpora atera ere bai. Ordubeteko atzerapena. Kontua da, Toronton CN Tower-era igotzeko asmoa genduala eta atzerapen horrek pikutara bidali duela gure gutizia. Iritsi, afaldu eta ohera, bihar Montreal-erako trena hartu behar dugu eta. Maleta handi eta guzti oraingoan.
Toronto, 2008-07-25
8. MONTREAL
Bost ordu luze hiri batetik bestera. San Lorentzo (Sallobente esatea zilegi ote? ) ibai ederraren ondotik goaz, ur korrontearen kontra Atlantiko aldera. Frantsesa entzuten da, gero eta gehiago. Vancouver-en inor gutxik daki frantsesa mintzatzen. Toronton entzuten da, baina ez hainbeste. Frantses idatzia bai, baina entzun gutxi. Quebec lurralde zabalean sartu ahala, zuhaitzek, etxeek eta zelaiek ere frantses egiten dutela ematen du. Airean, arnasan hartzen den kerua da.
Otawa aukeratu zuten Canadaren hiriburu eta ez motiborik gabe. Lehenago hiriburu izandako Quebec City eta Montreal frantsesegiak zien anglozaleentzat eta Toronto, ingelesegia, Estatu Batuen harrapakin erraza. Horregatik aukeratu zuten Ontario eta Quebec tarteko hiri hau. Gurean Gasteizekin gertatu dena dakarkit gogora.
Goizak euri arriskua erakusten zuen eta hala egin du, parra-parra. Pare bat ordutan bai. Gero eguzkia nagusitu da eta, lehenengo landetxe bakan politak, lantegiak gero eta, azkenik, etxetzarrak ere bai, ibaia zeharkatu eta Montrealen gara.
Heldu, pardelak jaso eta eraikuntzaren barruan, kalera atera gabe, aurkitu dugu Queen Elizabeth hotela. Frantses izena ere badu atean: La Reine Elizabeth. Hotelak ezezik banketxeak, dendak, jatetxeak, mundu oso bat duzu eskura. Etxetzarrak azalean eta lurraren azpian, hemengo negu gordinei aurre egiteko komeni den bezalako underground erosoa.
Jendearekin berba egiten hasi eta frantsesa lehenengo hitza. Ingelesarekin ohitua nengoen honek zer nolako nahastea! Ez dakit zein hizkuntzatan ari naizen ere.
Irla batean kokatua dago, Ottawa eta Saint Laurent ibaiek bat egiten duten gunean. Toki horretan derrigor behar zuen sortu horrelako hiri bat. Ibaian gora zetozen esploratzaileek leku aproposa zuten atseden hartu eta abentura berriei ekiteko aberriarentzat lur bila, larru bila eta eliza katolikoarentzat kristau berrien bila. Oinarrizko kanpalekua bailitzan. Horrela sortu zuen hiri hau San Sulpizioren ordenako buru zen Maisonneuve misiolariak. Europan hain bortizki hasitako protestante eta katolikoen arteko lehiaren olatua honeraino ere iritsi zen. Mendi baten magalean dago hiria eta mendi horren izena hartu zuen betiko: Montreal. San Sulpizioren ordenakoek agindu zuten hirian beste berrehun urtetan ere. Montreal zaharreko erdigunean dagoen Notre Dame de Montreal basilika ikusi gabe ez zaitez joan hemendik, ederra da eta bere beirategi eta zuraje paregabeekin.
Historiako kontuak aparte utzita, nabarmena da Torontok baino garrantzi handiagoa izandako hiria dela. XIX. mendeko hiriaren nortasuna ondo zaindu du. Banketxe, hotel eta multinazionalek eraiki dituzte hemen ere etxetzarrak, baina honek ez du Torontorekin zerikusirik. Lasaiago hartzen duzu arnasa eta nahikoa duzu metroan hamar minutu ibiltzea, gero autobus batek Mont Royalera eraman zaitzan. Halaxe egin dugu Champ de Mars geltokian. Tiketak Mont Royale plazan 11. autobusa hartzeko balio du. Astiro doa autobusa, kaleetan jende eta auto asko dabil eta. Mont Royal izeneko mendia bera hasten den altzoan bertan ikusi dugu hain zail ibiltzearen arrazoia: hegoamerikar jaialdi handia dago eta jendez gainezka gure ibilbidea. Hegoaldeko jende asko bizi da, gero, Montrealen!
Baina merezi izan du etortzea. Mendixkaren gainetik geure oinetan ikusi dugu hiria eta ibaia haratago. Leku askotako jendea bizi da hemen ere. Turista ugari, baina frantsesa da gehien entzuten den hizkuntza.
1967an Expo izan zen hemen eta Olinpiar jokoak 1976an. Orduko eraikin asko geratu dira eta hiriak eraikuntza ederrak ditu han eta hemen. Frantsesaren indarrak jendeak Torontora eta beste hiri batzuetara alde egitea ekarri omen du, baina ingelesez hasten bazara ere hala erantzuten dizute. Nik ez dut halako hizkuntza istilurik nabaritu, egon liteke baina.
Montreal zaharrean Vieux Port ingurua da erakargarriena. Harako bidean, Txinatarren auzoan sartu gara. Gaur zapatua da eta merkatua dago. Hango jendetza! Saltzaile gehienak txinatarrak, noski!
Portu aldera jo dugu. Hantxe dabil turista jendea eta han daude jatetxe gehienak. Toronton baino aukera gehiago eta hobeak. Jacques Cartier frantziar esploratzaile ospetsuaren izeneko plaza inguruan beti da jai. Hotel de Ville edo udaletxe zaharra ikusgarria da. Aurten Quebec edo Nouvelle France sortu zeneko 400 urteak betetzen direla eta, erakusketa eta ospakizun berezirik ez da falta. Suzko erroberak ikusi ditugu gauean, portu zaharrean.
Jaiegun tokatu da hurrengo eguna eta elizak ikusi ditugu batik bat. Protestanteenak ere bai. Eliza anglikar batean sartu gara haien erritualean parte hartzera. Oso ondo hartu gaituzte eta liburuxka eskaini ere bai, Prayer book, otoitzetan parte har dezagun. Dena ingelesez, noski. Egurrezkoa da elizaren barru gehiena. Jarlekuak ere handiak eta ederrak; Parlamentoa ematen du. Gaur museoren bat ere nahi genuen ikusi baina domekan itxita daude.
Ez dakigu zergatik, baina Montrealen Toronton baino lasaiago gabiltza. Europako herria ematen du honek. Hotela dugun inguruan pilatzen dira etxetzar gehienak eta mundu oso bat haien azpian, Montrealeko underground city.
Montreal, 2008-07-27
9. QUEBEC CITY
Astelehena. Montrealetik Québec City-ra hiru ordu egiten dira trenez. Gustura ibiltzen da tren hauetan, erosoak dira eta. Pardelak Montrealen gelditu dira eta arin-arin goaz motxila soilarekin. Bidean hodei beltzek inguratu gaituzte.-Pena izango da, ba, azken egunetan porrot egitea, orain artean lagun izan dugun eguraldiak. Lakuen inguru hauetan sartu garenez gero sargoria da nagusi, izan ere. Trumoi denbora.
Eliza asko eta herri gehienak santuen izenekin: San Jacinto, Santa Fe… zeruko santu eta santa guztiak. Ezagun da misiolariak ibili zirela hemen XVII. mendearen hasiera hartan eta geroago ere. Artasoro luze eta zabalak, lorea buruan eta etxe banaka asko, Ontarion ikusi ez genuena. Aspaldiko etxe zaharraren ondoan berria ere. Atsegin dute baserrietan bizitzea, aspaldiko kolonizatzaileek, arbasoek, landutako lurretan irautea. Behiak ere badira zelaietan. Garia ere ugari dago, baina lastoa biltzen ez dute lanik izango. Negu hotz eta luzeko elurpean egon ondoren, ez du izaten hazteko betarik.
Hiria agertu zaigu, aurrez aurre, eta eguzkiak irabazi die, oraingoz, borroka hodei beltzei. Bai eraikin ederra Québec-eko geltokia! Hotela hurrean dago: L´intendant, harresien ondoan. Visa pasatu eta nagusiaren galdera: - Egun baterako bakarrik?- eta bronka gero: - Zelan etor liteke hiri hau ikustera eta egun bakarra egon?. Kobratzen ari da, pagatzen ari denaren aurpegiarekin.
Aspaldiko ostatua da. Sute-eskailerak kanpotik zintzilik ditu eta igogailurik ez, baina garbia ematen du. Herriari lehen begiratua ematera irten gara kalera eta hode beltzak berriro mehatxuka. Euri tanta batzuk ere bai. Emaztea behean geratu da eta aterki bila igo ditut berriz ere eskailera pikoak. Jaitsi naizenean gizon batekin adiskidetsu hizketan aurkitu dut. Niagaran ikusi genuen judutarra berriz ere. Emaztea medikuen kongresuan laga eta bazterrak ikustera atera dela. Bada gero! Heldu eta bat-batean harekin topo egitea. Bakoitza geure bidetik jarraitu dugu. – Que usted lo pase bien! Por cierto, por si volvemos a vernos, ¿cómo se llama usted? – Abraham. - Que tenga un buen día.
Turismorako jarrita dago Québec City. Ikusgarria da, bai kokaguneagatik eta bai eraikuntza ederrengatik. Herriaren sarreran bi tximiniatik kea dariola dagoen paper lantegia ez dagokio halako hiri bati.
Aldez aurretik ondo irakurriak ditugu National Geographic-en datozen xehetasun historiko-kulturalak. Badakigu zer ikusi eta nondik hasi. Aurreratu dudanez, paisaia bera da arreta irabazten lehena. Saint Laurent ibaiaren gainean, mendiaren hegian, goardian dagoen zentinela erraldoia ematen du Chateau estiloko Frontenac jauregiak. Ibaia estutzen den cunearen gainean. Irokiar hizkuntzan horixe esan nahi du, gainera, Québec hitzak: ibaia estutzen den gunea. Canadian Pacific Railway delakoaren ekimenez, XIX. mendearen azken urteetan egin zituzten Chateau estiloan hainbeste etxe eder, hotelak batez ere, turismo aberatsa, urruneko edertasunen eta abenturen egarri zen jendea, erakartzeko. Trenen geltokiak ere oso ikusgarriak dira, gehienak.
Autoen matrikularen ondoan Je me souviens (gogoan daukat) idatzita. Inork quebectarren sentimenduez dudarik izan ez dezan. Frantziatik etorri eta lurralde hau kolonizatu zutenen asmoak eta kultura ez dituztela baztertuko, alegia.
Jacques Cartier esploratzaileak Stadaconé izeneko herri indígena aurkitu zuen hemen 1535ean. Urte batzuk lehenago Giovanni Caboto italiarra Ingalaterrako Enrike VIII.aren zerbitzura Ipar-mendebaldetik Asiarako bidea aurkitzen saiatu zen bezalatsu tematu zen Cartier, itsasgizon bretoia ere. Hurondarrak bizi ei ziren hemen orduan.
Samuel de Champlain-ek 1608an sortua da gaurko Quebec. Duela 400 urte, hain zuzen. Horregatik hainbeste ospakizun aurten Canadan eta, batez ere Quebec-en. Frantzian Louis XIV. Errege ospetsua agintean zegoenean, gaur Canada eta Estatu Batuak direneko lurralde asko Frantziaren esku zeuden. Nouvelle France izenez ezagutzen zen gaurko Quebec zabala.
Europako gerrek eragina izan zuten huraz handiko kolonietan. Hala, 7 urteko gerra izenaz ezagutzen den gatazkaren ondoren, Frantziak Ipar Ameriketan zituen lurrak galdu egin zituen Ingalaterraren mesedetan. Gainera, Hementxe, Québec City honetan, 1759an, James Wolfe ingelesaren gudalosteak egurra eman zion Montcalm frantziarrarenari. Hortxe bertan, Abraham-en lautada deitzen den ordeka horretan, gotorlekuaren atzeko aldean.
Québec berau izan zen Kanadako hiriburu 1859-1865 tartean. Gobernu britaniarrak nahiago izan zuen, ordea, hiriburua beste lekuren batean jarri, hemen frantses sentimendua zelako nagusi. Horregatik aldatu zuten eta Ontario eta Québec-en artean dagoen Ottawa izendatu, Britaniar Ipar Amerikaren hiriburu.
Kokagunea ez ezik, hemengo historiaren testigantza ematen duten eraikuntzak ere halakoak dira, ederrak. Kanadako lehen unibertsitatea jesuitek eraikia da 1663an. Nouvelle Franceko lehen gotzain izan zen Francois de Montmoreny-Laval monsinoreak sortua, hain zuzen. Geroztik asko nabarmendu izan da zientzien ikerketan, gaur egun arte. Lurpean elkarrekin lotutako 35 eraikuntza dira. Neguetako hotsaren kontra satorren antzera bizitze hori aspalditik da normala Kanadan.
Laster ikus daiteke Québec City. Areago, museoetan ez sartzea erabakitzen baduzu. Musée du Fort ikuskatu dugu. Goratxoago kontatu ditudan historiak, ondo dokumentatuta, irakurri eta ikusteko beta ematen du. Ez dugu nahi izan, baina, egun bakarra izan eta museoz museo ibiltzerik. Trumoi denbora bada ere, aterri jarraitzen du eta nahiago dugu kanpoko paisaiaz gozatu. Gaztelaniaz mintzo zirenak somatu ditugu geure ondoan eta haiekin lotu. Cartagenakoak dira, laster jubilatzekotan diren maisua eta maistra, semeak ordaindutako bidaian. Atseginak eta jatorrak. Iluntzean badela portu zaharrean ikuskizun eder bat eta ez hutsik egiteko.
Eguerdi ostekotxoa egin eta txorien antzera kalera, berriz ere. Portu zahar aldean gaudela, hara zerua ilundu eta trumoi hotsak gero eta hurbilago. Toldope zabal bat dago moilan eta bertan sartu gara, handik eurijasa ikusi eta entzuteko prest. Baldeka bota du eta gu toldopean eta jarlekua hartuta, gainera. Hantxe zen goizean iragarri diguten ikuskizun hori: Espace 400 idatzita daukan eskenategia dugu aurrean eta jende ugari, orduaren zain, zer edo zer jan eta edaten. Quebec-en sorrerako 400. urteko ospakizunak bertan. Trumoiaren oharrari esker etorri gara beste asko baino lehenago eta bi ordutako emanaldia gozatuko dugu hemen: kantariak, dantzariak, antzerkia, akrobatak, maskaren jokoak... eta abar. Aspertzeko arriskurik ez. Jaialdi ederra izan da. Quebec-en independentziaren aldeko erreibindikazioa ere argi antzematen zen, zenbait unetan. Gazteriaren aldetik, batez ere.
Jaialdia amaitu da. Kanpoko aldea ere sikatuta dago, trumoiaren mormorioa aspaldi urrundu da eta. Jendea uraren aldera begira dago orain. Milaka asko. Argi eta doinuz osatutako ikuskizuna dago iragarrita. Portu zaharraren beste aldean dagoen lantegi handi eta zabal baten horma izango da ikuskizunaren pantaila. Iparramerikaren eta, batez ere, Kanadaren historia kontatzen da argi, soinu eta koloreen joko distiratsuan, lehen kolonizatzaileetatik (habitants) hasi eta gaur eguneko Québec arte. Lurra, egurra, ehiza, eliza, arma-hotsa, trenbidea, baporeak, ura, elurra, airea… titulu asko, azkenean mezu bat adierazteko: orain artean hainbeste kostata egin dugunari jarraipena ematea geuri, Quebectarroi dagokigu.
Gure bidaia luze honen azken urratsetan gaude eta hiriko kaleak gaueko argien artean ikusi nahi izan ditugu. Ez dira gauza bera eguneko eta gaueko hiria. Ederra izan da gaurkoa ere. Biharkoa geratzen zaigu Kanadari agur esateko.
Québec City, 2008-07-28
10. ETXERA BEGIRA
Bezperak biharamona izaten du sarritan errege. Halakoa da gaurko eguna ere. Bihar hegazkina hartu behar, oraindik itsasoa zeharkatzeko trenbiderik ez dute asmatu eta. Québec Cityri agur egin, geltoki ederrari azken argazkitxoa eta Montrealera bueltan gara. Queen Elizabeth bera dugu zain. Geltokitik atera ere egin gabe sartu gara gure gelan.
Azken egunerako behar duguntxoa esku boltsetan hartu eta gainerakoa maletara. Oparitxoak ere bidaien erritualean sartzen dira. Eskaparateak zain ditugu. Ez dugu nahi, baina, Vieux Montreali azken bisita egin gabe joan. Betiko martxa dabil portu aldean. Turista asko, geu lehenengo egunean bezala, honi eta hari argazkiak ateratzen, XIX. mendeko etxe eta eraikuntza ederren ikusmiran. Berrehun urte asko dira Kanadaren historian. 400 urte, ia-ia prehistoria. Biharko gaua laburra izango da eta garaiz oheratuko gara, gaurkoa luzatzeko.
Gure ostatuaren azpian herri oso bat dago lurpean: lehen aipatu dugun underground city. Hementxe egingo ditugu azken erosketak eta bazkaria ere. Kanpotik denda, banketxe, hotel, bulego diren etxeorratzen azpian jende asko dabil ikusmiran eta enkarguak egiten. Udan aire girotua eta neguan, hemengo negu gogorrean, berogailua. Hotz nahiz bero, jendea erruz egunero. Neska gazteak praka motz-motzetan, izterrak erakusten hara eta hona. Politen fama dute hemengoek. Quebec Citykoak baino polit eta lirainagoak ei dira, behintzat, hemengo gidek esan ohi dutenez. Arrazoiak badu logikarik. Kolonizatzaile gehientsuak gizonezkoak izanik, inklusetako neska umezurtzak bidali ei zituzten Kanadara. Lehenengo geldialdia Quebec Cityn. Han hartzen ei zituzten sendo eta lodikoteak, lanerako hobetzat eta lirainagoak Montrealerako utzi. Jasotako prezio berean ematen dudan bitxikeria da.
Arratseko zortzietan aterako da, ondo bidean, gure hegaldia. Seiak alderako Pierre Troudeau aireportuan egon behar. Ez da asko gelditzen. Lurpetik irten eta mendi aldera, Mont Royal aldera jo dugu, azken orduko pitxiren bat jaso nahian. Parke eder batean pausatu ditugu begiak eta oinak: Mc Gill park. XVIII. mendean bizi izandako merkatari eta politiko ospetsua da. Montrealeko unibertsitatearen sortzailea. Arlo askotako fakultateak parke handiaren inguruan, Mont Royal-en altzoan.
Hotelera bueltatu, maletak taxian sartu, propinatxo bat honi eta beste bat hari (hori bai, eskupekoa emate hori legea da hemen eta ez salbuespena. Zerbitzariak berak gogoraraziko dizu, ahazten bazaizu) eta orduerdiko bidea hegaldia hartzeko.
Maletak Bilboraino kotsignatu eta ordubete bat Boeing handian sartzeko. Frankfurtera goaz. Bagenekien, gauak gutxi iraun du Far East aldera daramagun galope honetan. Zaldia trotean bezala, turbulentzia asko izan dugu bidean. Anaiak kontatu zidan istorio xelebre bat etorri zait gogora, harako Ameriketatik bueltatu zen ezagun batena: -Haranzkoan askoz bizkorrago; goitik behera edo egiten jok, antza!
Biharamoneko, San Inazio eguneko, hamarrak aldera heldu gara Alemaniara. Laster da Biborakoa eta prisa antzean ibili gara punta batetik bestera, aireportu erraldoian. Atea ere aldatu egin digute azken orduan, baina onik sartu gara geurean. Zain aspertzea ez da ona, baina lasterka ibiltze hau ere!
Hegaldi luzeetara ohitu gara eta laburra iruditu zaigu azken hau. Landetako hondartzak bistaratu dira ia konturatu orduko. Paraje ezagunak handik aurrera. Hodei batzuk badira, baina egualdi eguzkitsua San Inazio egunean.
Maletak jasotzera joan eta seme-alabak goiko kristalen atzetik agurka. Gu biraka dabilen zintari so. Non ete dira gureak? Zinta hutsik geratu denean agertu da zerbitzari bat: - Acaban de avisarnos desde Franfurt que han quedado allá unas cuantas. Hagan la reclamación pertinente.
Banioen, ba, nik. – Ia , gero, halako prisekin eta aldaketekin maletaren bat han gelditzen den! Ia, gero, geureak ere tartean geratzen diren! Ez da ezer larririk momentuko hasarrea larria ez bada. Seme-alabak etorri zaikigu bila eta bai elkarrekin bazkaltzeko gonbita egin ere. Hori baino bizipen ederragorik!
Iluntzerako etxera ekarri dizkigute pardelok. Aireportutan ikusten, kontsignatzen eta lagatzen ez diren bizipenak ditugu gogoan. Ez dute ezer pisatzen, gainera.
Elgoibarren 2008-07-31

• Ikus hemen: Angel Ugartebururen testu guztiak