Zenaydaren ametsa egia bihurtzen lagundu du Gemma Agirregomezkortak

elgoibarren.net 2009ko api. 20a, 10:03

Gaixotasun larria, tumore gaizto bat fase terminalean, dauka Zenaydak; Gemma Agirregomezkorta elgoibartarraren lagun perutarrak. Gemmak eginiko gestioei esker, horrenbeste miresten duen Amaia Montero abeslaria ezagutzeko aukera izan berri du Zenaydak. Cuscoko bere etxean –ezin da ohetik mugitu- jaso zuen bizipoza itzuli zion abeslari irundar ospetsuaren bisita.


Amaia Montero eta Zenayda.

 “Amaiak nire alaba sendatu du” adierazi zuen Zenaydaren amak Amaia Monteroren bisita jaso ostean. “Ez du esperantza galtzen eta are gehiago orain, Amaia ezagutzeko aukera izan eta gero”.
 Peruko ume behartsuei laguntzeko Miski Gobernuz Kanpoko Erakundearekin ingurura eginiko bidaietako batean ezagutu zuen Gemma Agirregomezkorta elgoibartarrak Zenayda. Amaia Montero La Oreja de Van Gogh taldeko abeslari ohiaren jarraitzaile sutsua zela jakin zuenean, Get-In enpresarekin; Amaiaren ordezkariak, harremanetan jarri eta abeslariarenganaino ailegatzea lortu zuen elgoibartarrak.
 

Zenayda bere ohean Amaia Monteroren ondoan eta lagunez inguratuta.

Hala, Hegoamerikako hainbat herrialdetan zehar eskaintzen ari den biran tarte bat hartu eta Cuscon (Peru) kontzertua eskaini behar zuen egunean Zenaydaren etxera egin zuen bisita musikari ezagunak. Elkar ezagutzeko eta berbetan jarduteko aukera izan zuten biek, eta Zenaydaren lagunek.