EAE-ko batez besteko langabezia tasaren azpitik dago Elgoibarkoa

elgoibarren.net 2009ko api. 21a, 09:56

 
Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) batez besteko langabezia tasaren (%12) azpitik dago Elgoibarko langabetuen kopurua (%11,2). Elgoibar 65. postuan eta Mendaro 74. postuan daude langabezia gehien duten herrien zerrendan. Hain zuzen, zerrenda horretako lehen 53 herriak dira EAEko batez besteko langabezia tasa gainditzen dutenak eta zortzi, berriz, Espainiar estatukoa baino langabezia tasa (%15,5) handiagoa dutenak.

 

1706640394542 EAE-ko batez besteko langabezia tasaren azpitik dago Elgoibarkoa

 Inem enplegu erakundeak argitaratutako datuen arabera (Ikus martxoko datu estatistikoak), EAE-ko biztanleria aktiboaren %12, 100 langiletatik 12, zeuden lanik gabe martxoan; 1997tik eman den langabezia tasarik altuena.
 Sestao da, alde nabarmenaz, langabezia tasa altuena (%21,2) duen EAE-ko herria, 2.548 langabeturekin. Zerrendaren beste muturrean dago Navaridas, langabezia apenas ezagutzen duen Arabako herri txikia: 223 biztanle dauzka eta bakarra dago langabezian.
Bailaraka Bizkaiko Ezkerraldean dago langabezia gehien, Sestaon, Santurtzin eta Portugaleten %18,42 da langabezia tasa. Gipuzkoan Bidasoa Behea da langabezia-tasa altuena (%17,94) duen eskualdea. Debabarrenean ere langabe asko daude, %15,83, Urola Kostako (%9,88) edo Arabako Mendialdeko (%8,32) datuekin kontaratuz gero, azken biak langabezi-tasa baxuena duten eskualdeak. (iturria: elmundo.es)

 Bestalde, Eustaten datuen arabera, langabezia tasa %7,7ra heldu da Euskal Autonomia Erkidegoan urteko lehen hiruhilekoan, aurrekoan baino %3,1 gehiago. Euskadiko lan-merkatuan 934.300 landun daude, aurreko hiruhilekoan baino 21.500 pertsona gutxiago. (iturria: eitb.com)