‘Piriniotako zeharkaldia neguan’ ikus-entzunezkoak estreinatuko ditu mendi emanaldiak

elgoibarren.net 2009ko api. 22a, 14:25

 
Gaur: Ritxar Manovelen “Piriniotako zeharkaldia neguan” izeneko ikus-entzunezkoak estreinatuko ditu gaur, apirilak 22, Morkaiko mendi taldeak, hirugarren urtez jarraian, antolatu dituen ‘Udaberriko Asteazkenetan Mendi Emanaldiak’ zikloko emanaldiak. Musika eskolako auditorioan izango da, 21:30etik aurrera.

 


Piriniotako zeharkaldia neguan

30 egunetan zeharkatu zituzten Pirinioak negu gorrian.

  Gasteizen jaioa eta lanbidez suhiltzailea, Ritxar Manovel oso pertsona bizia da kirol arloan eta sarritan aritzen da hainbat kiroletan: arroilen jaitsiera, orientazioa, itsasoko kayaka, mendiko lasterketak eta mendiko eskia. Azken kirol horrek, mendiko eskiak, eman dizkio pozik handienak eta, hain zuzen ere, kirol horretan munduan jokatzen diren nazioarteko bi lehiaketa garrantzitsuenetan parte hartu izan du, hots, Pierra Mentan (2004, Frantzia) eta Mezzalama Lehiaketan (2005, Italia). Urte hauetan guztietan, gainera, kontaezin bidaia egin ditu eta, horrela, esaterako, piraguan egin izan du Balear uharteen bira, edota bizikletan zeharkatu ditu hainbat herrialde, Txile edo Tibet, besteak beste.

1706640377910 ‘Piriniotako zeharkaldia neguan’ ikus-entzunezkoak estreinatuko ditu mendi emanaldiak

 2008ko otsailean, Julián Veraza, Juan Mari Engredo eta Ritxar Manovel (argazkian) Pirinioetako Negu Zeharkaldia eskietan egiten hasi ziren, eta 24 etapa eta 30 egunetan, Kataluniako Canigó izeneko mendizerraren eta Nafarroako Lizara haranaren arteko 400 kilometroak egin zituzten. Garrantzitsuena ez zen zeharkaldia amaitzea, baizik eta, baita ere, hura egiteko erabiliko zuten estiloa: zortzi janari-depositu izango zituzten ibilbidean, eta horietaz baliatu beharra zeukaten, nahitaez, zeharkaldi osorako behar zuten guztia ziurtatzeko.
 Ikus-entzunezko honen bidez, zeharkatu zituzten mendiak eta hilabete ahaztezin horretan bizi izandako guztia ikusi ahal izango dugu. Emanaldiak 35 minutuko iraupena dauka eta gazteleraz dago prestatuta. (Ikusi zeharkaldiaren inguruko erreportajea, gazteleraz, barrabes.com atarian)

Peruko mendikate zuria
Datorren asteko emanaldian, apirilaren 29an, 2008ko udan Peruko Mendikate Zurian gora eta behera ibili ziren elgoibartarrak izango dira protagonistak.

Hirugarren zikloa
Aurtengoa, Morkaikok antolatzen duen hirugarren mendiko emanaldi zikloa izango da. "Udaberriko asteazkenetan mendi emanaldiak" izenarekin 2007an hasi ziren mendi taldeko arduradunak mendiarekin zerikusia duten hitzaldi eta ikus-entzunezko emanaldiak antolatzen. Makina bat abentura eta paisaia ezagutzeko aukera izan da ordudanik.