Kolore guztietako ekintzak astebururako

elgoibarren.net 2009ko api. 24a, 14:12

 
Hileko azken asteburua ekintzaz gainezka dator, era guztietakoak gainera: hileko azken zapatuko feria, biktimei omenaldia, txirrindulari lasterketa, aurresku eta soinu zahar txapelketa, Pastoral Barrutia, haur krosa… egongo da non aukeratu.



Asteburuan Elgoibarren

*Azken zapatuko feria: Apirileko hileko azken zapatuko ferian herri kirolen itzulera izango da nobedade nagusia. Eibarko Urkiagaren eta Urnietako Azkonabietaren arteko zaldi proba jokatuko da Nafarroa plazan. Indar desafioa eguerdiko 12:30ean hasiko da. Feria, berriz, goizeko 9:00etatik aurrera hasiko da.

1706640370847 Kolore guztietako ekintzak astebururako

*Biktimei omenaldia: Udalak errekonozimendu ekitaldia antolatu du ETA eta Komando Autonomo Antikapitalistek hildako biktimak gogoratzeko. Bihar, zapatua, izango da, eguerdiko 12:00etan hasita. Biktimen oroimenez, hamabost minutuko isilunea egingo dute Udaletxe aurrean, eta ondoren lore sorta bat lagako dute Gernikako Arbolaren landarearen ondoan, Giza Eskubideen parkean. ETAk eta Komando Autonomoek hildako sei pertsona elgoibartarrak eta Elgoibarren hildakoak omendu zituzten estreinakoz iaz.

*Txirrindulari lasterkerta: Bihar, zapatua hilak 25, Elgoibarko Lagun Taldeak antolatuta, Elgoibarko Hiria Saria txirrindulari proba jokatuko dute. Jubenil mailako txirrindulariek hartuko dute parte bertan. Irteera Plaza Handian egingo dute, 16:00etan, eta helmuga Santa Klara kalean egongo da. Guztira 86 kilometro egingo dituzte.

1706640370881 Kolore guztietako ekintzak astebururako

*Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketa: Lehiaketa egingo duten zortzigarren aldia izango da aurtengoa. Bi hitzordu egin dituzte: zapatuan eta domekan. Adinaren arabera bi sailetan banatuta parte hartuko dute dantzariek, A eta B sailean. Lehenak zapatuan ariko dira, 16:30ean, Herriko Antzokian. B mailakoen txanda, ostera, domekan izango da, 11:00etatik aurrera Herriko Antzokian.

* Ur bizia’ Pastoral Barrutia: Bihar, zapatua, Joan Maria Uriarte Donostiako gotzainak Ur bizia deituriko Pastoral Barrutia eraikiko du 19:00etan San Bartolome parrokian egingo duten elizkizunean. Pastoral Barrutia honakoek osatzen dute: Soraluzeko Andra Maria Zeruratzek, Elgoibarko San Bartolomek, Altzolako San Joanek eta Garagartzako Sortzez Garbiak eta Elgoibarko Klarisatarren komunitateak.

1706640370915 Kolore guztietako ekintzak astebururako

*Jose Gurrutxaga krosa: Elgoibar eta Mendaroko ikasleek parte hartzen duten lasterketa da, eta aurten, 600 inguruk izango dira antxintxika egingo dutenak. Zazpi urtekoekin hasita, hamasei urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute. Lehenengo lasterketa 10:30ean hasiko da. Izena emateko udaletxeko arkupeetara joan beharko da, egunean bertan; epea 10:30ean amaituko da. Jaiotako urtearen arabera, lau txandatan parte hartuko dute lasterkariek. 10:30ean hasiko dira txikienak, eta 12:00etan azken taldea. Gainera, multzo bakoitzeko partaideek ibilbide ezberdina egin beharko dute. 12:30ak aldera, lasterketak amaitutakoan, sari banaketa egingo dute.