Biktimen oroimenez, hamabost minutuko isilunea egin zuten Udaletxe aurrean, eta ondoren, Jose Expositoren eta Patxi Zabaletaren alargunek lore sorta bat laga zuten Gernikako Arbolaren landarearen ondoan, Giza Eskubideen parkean. Jaime Arreseren eta Angel Berazadiren senideak ere egon ziren bertan.
Ekitaldi xume bezain hunkigarria izan. Lehenik hamabost minutuko isilunea egin zuten Plaza Handian, xirimiria ari zuela, eta ondoren, Mari Luz Rojok, Patxi Zabaletaren alargunak, Estrella Murillok, José Expositoren alargunak eta Rosita Herrerok, Angel Berazadiren alargunaren lehengusinak, lora sorta bat laga zuten Gernikako Arbolaren landarearen oinetan, txistulariak Agur Jaunak piezaren doinuak jotzen zituen bitartean. Giza Eskubideen parkean bildutakoek biktimen senideak agurtu eta besarkatu zituzten amaieran eta barruan bildutako emozio guztiak askatu eta azaleratu zituzten orduan biktimen senideek.
Omenaldira gerturatu ziren elgoibartarrez gain, herriko EAJ, PSEE-EE, PP eta EB alderdietako ordezkariek parte hartu zuten Alfredo Etxeberria alkatea buru zutela. Borja Semper, PPko legebiltzarkidea ere bertan izan zen.
•Argazkiak: