•Zelan joan da Errusia eta Siberiako bira?
Oso ondo, oso polita izan da. Chita inguruan hasi ginen, Errusia ekialdean Txinako mugatik gertu. Ondoren Mongolia eta Siberia zeharkatu genituen, Moskura arte. Gogorra izan da, ibilbide oso luzeak egin behar izaten genituelako ikuskizun batetik bestera (7.000 kilometro orotara). Egun libreak aprobetxatzen genituen bidaiatzeko, eta askotan bi egun baino gehiago pasatzen genituen Transiberianoan. Trenez bidaiatu dugu batez ere, baina errepidean ere ibili gara, eta hango errepideak ez dira hemengoak bezalakoak, askoz eskasagoak dira. Neke hori guztia, antzokiak jendez gainezka ikustean ahaztu egiten zitzaigun.
•Jende asko ibili da zuen ikuskizunetan?
Bai, batez beste, 1.500-2.000 lagun izan ditugu ikuskizun bakoitzean. Moskun, gainera, Duroff antzokian eskaini genuen saioa, jende dirudunarentzako, eta oso ondo irten zen. Antzoki guztiak bete egiten ziren gu ikusteko, eta, gainera, txalo mordoa jasotzen genituen. Emanaldia amaitu ondoren, ikusleek ez zioten txalo egiteari lagatzen, eta hiruzpalau aldiz irten behar izaten genuen taula gainera, jendeari eskerrak ematen. Hunkigarria izan da.
•Lurraldea hotza da, baina nolakoak dira bertako bizilagunak?
Ikusleen berotasun faltarik ez dugu eduki, oso ondo hartu gaituzte. Hala ere, izaera gogorrekoak direla konturatu gara, baina ez dugu arazorik izan. Hamazortzi eguneko bira izan da, eta toki guztietan harrera bikaina egin digute.
•Errusian ezagutzen dute flamenkoa?
Baietz esango nuke. Gure aurretik, musika flamenkoa egiten duten hainbat artista ere izan dira Errusia aldean, La Truco esate baterako. Hala ere, kriskitin gehiago espero zituztela uste dut. Bestalde, inprobisazioaz galdetzen zidaten emanaldi guztietan. Euren ustez, asko inprobisatzen genuen, eta ea koordinazio hori nola lortzen genuen galdetzen zidaten. Gure ikuskizunean, baina, oso inprobisazio gutxi dago, gidoi baten gainean egiten dugu lan, eta amaieran bakarrik inprobisatzen dute dantzariek, eta oso gutxi, gainera.
•Zein da zure lana ikuskizun horren barnean?
Nik abestu egiten dut. Dantza flamenkoko pauso gutxi batzuk egiten ditut, baina nire lana abestea da. Bai dantzarako, eta baita ikusleentzako ere. Sentimendu handiko letrak izaten dira normalean, eta oraingo honetan, nire herrialdearen aipamena egin nuen esaldi batzuetan: “Donostia me vio nacer, la Concha escuchó mi canto y a los montes de mi tierra les susurraba mi llanto”. Emozionatu egin nintzen, eta negar ere egin nuen.
•Zeure konpainia propioarekin eginiko lehen bira izan da?
Espainiatik kanpo eta hain urrun joan garen estreinako aldia izan da. Ni aurretik Raphaelekin ibili izan naiz atzerrian, baina Nati Mellado konpainiarekin egin dudan lehenengoa izan da. Pasion izena ipini diogu lanari, eta hori aurkeztu dugu. Hamar lagunek osatzen dugu konpainia: bost musikarik eta bost dantzarik. Hala ere, ikuskizunaren arabera, gehiago edo gutxiago izan gaitezke.
•Nola sortu zenuen zure konpainia propioa?
Egia esan behar badut, ez dut hutsetik sortu. Azken urteotan agente lana egiten nuen Madrilen. Hau da, jendeak dantzari edo abeslariren bat behar zuenean niri deitzen zidan, eta nik lortzen nien behar zuten jendea. Bitartekari enpresa bat bezala funtzionatzen nuen. Ea halako konpainiarik baneukan galdetu zidaten, eta baietz erantzun nuen. Horrela, egunero lan egiten nuen jendearekin flamenko konpainia osatu genuen.
•Koplak kantatzen hasi zinen, eta orain musika flamenkoan zabiltza. Noiztik duzu gogoko musika flamenkoa?
Niri sekula ez zait musika flamenkoa gustatu. Madrilera iritsi nintzenean, nire bikoteak animatu ninduen flamenkoaren munduan barneratzeko. Poliki-poliki hasi nintzen ikasten, eta flamenkoaren historia irakurtzen. Azkenean barneraino harrapatu nau, eta dagoeneko lau urte daramatzat flamenkoarekin lanean. Hala ere, tarteka sartzen dut kopla apur bat. Flamenkoarekin ere ez doa gaizki, eta buleria forman abesten dut noizbehinka. Ez dut kopla alde batera laga: jazza eta kopla uztartzen dituen laukote batean ere hartzen dut parte, eta hainbat kultura-elkartetan ematen ditugu saioak. Bestalde, Manolo Escobarrekin jarraitzen dut kontzertuak ematen. Gonbidatu moduan joaten naiz berarekin, eta berak deskantsua hartzeko ateratzen nau taula gainera hiruzpalau abesti kantatzera.
•Gaztea zara oraindik, baina dagoeneko ibilbide luzea daukazu.
Nik 33 urte ditut, baina oso gazte hasi nintzen lanean. 11 urterekin sartu nintzen tunan, eta 15-16 urte nituenerako musikan erabat sartuta nengoen. 17 urterekin hasi nintzen Madril aldera bidaiatzen. Lau urte pasatu nituen horrela, eta orain dela bederatzi urte erabaki nuen Madrilen bizi behar nuela.
•Faltan botatzen duzu Euskal Herria?
Bai, izugarri gustatuko litzaidake Euskal Herrian lan egitea, baina hemen ez daukagu publikorik. Andaluzia, Valentzia, Murtzia eta Madril aldean daukat lana. Ohitu naiz ingurune horretara, eta gustura bizi naiz han, baina nire herrialdearen falta sentitzen dut. Aspaldi ez naiz joan Elgoibarrera, eta gero eta gutxiago etortzen naiz, gainera. Ez daukat denborarik. Familia bertan daukat, eta eurak kontatzen dizkidate herriko kontu guztiak. Hala ere, gehiagotan etortzea gustatuko litzaidake.
•Txikitatik izan duzu argi musikaz bizi nahi zenuela. “Ama, artista izan nahi dut”, esan zenion amari?
Esaldi tipikoa da, baina nik ez dut inoiz erabili. Txikitatik musika nuen gustuko, eta etxean ere argi ikusi zuten. Beti izan dut euren babesa, beti animatu izan naute, eta sekula ez dute nire ilusioa zalantzan jarri. Gurasoak eta ahizpa oso garrantzitsuak izan dira nire ibilbidean. Nire umetako ametsa bete da, eta amets horretatik bizi naiz, gainera. Ez dut gehiago behar.
•Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?
Ez dakit! Etxean zeuden diskoak entzuten nituen umetan, baina beste edozein umek bezalaxe. Nire aititak oso ondo abesten zuela entzun izan dut beti, Antonio Molinaren antzeko ahotsa zuela esan zuten. Aitita oraindik bizi arren, nik ez diot sekula abesten entzun, baina, akaso, bere generen bat izango dut.
•Aurrera begira, zeintzuk dira zure asmoak?
Abenduan seguruenik Errusia aldera itzuliko gara, eta azaroan, akaso, Ekuadorrera joango gara. Epe laburrera, bestalde, lanez gainezka ibiliko gara: Sevillan apirileko feria hasiko da oraintxe, eta ia egunero eskainiko ditugu emanaldiak. Egia esanda, urte osoan egiten dugu lana, eta oporrak hartzeko modu bakarra lanen bati ezetz esatea da.
•Noiz hartzen du atsedena Natalia Melladok?
Ohera sartzen naizenean! Askotan berandu erretiratzen naiz, baina orduantxe deskantsatzen dut.
•Emakumea, langilea eta ama izatea bateragarriak dira?
Zaila da. Orain arte ez dut ama izateko aukerarik izan, baina izugarri gustatuko litzaidake. 33 urte ditut, eta dagoeneko bizipen asko izan ditut. Umea etortzen bada, ondo hartuko dugu. Ez diot familiari uko egingo nire lanbideagatik. Lana eta familia bereiztu egin behar dira, eta bizitzako etapa bakoitzean tokatzen dena egin behar da.
•Norekin egingo zenuke gustura bira bat?
Gustura nago nire konpainiarekin lanean. Hasieran beste batzuekin lan egitea ondo dago, erosoagoa da, baina orain niretzako egiten dut lan, eta horrek poza ematen dit.
•Eta zure musika zein herrialdetara eramango zenuke?
Indiara joatea gustatuko litzaidake. Hango ume bat daukat apadrinatuta, eta herrialdea ezagutzeaz aparte, bera ezagutu nahiko nuke.
- Ikus hemen: Natalia Mellado Myspacen (abestiak, bideoak, argazkiak)