Hilabeteko egonaldia egin zuten mendizaleek Perun. Lehen lana, ezinbestekoa, girora moldatzea izan zen, altuera handiko tontorretara igotzea arriskutsua baita. Huayhuash basatian egin zituzten trekking edo ibilaldien bitartez lortu zuten girora egokitzea: Ishinca (5.530 m.) eta Toclaraju (6.033 m.) mendietako tontorrak zapaldu zituzten. Irteera horietan Peruko Huaraz herrian mendi gidari lanak eginez bizi den Aritza Monasterio mendigoizale elgoibartarraren laguntza izan zuten. Girotze lanak amaituta, taldea bitan banatu zen. Arkaitz, Joseba eta Xabier Alpayora (5.947m) joan ziren. Eguraldiak hala nahi izanda, gailurrera egin zuten saiakeran helburu berbera zuten beste mendizale talde mordoarekin topo egin zuten. “Eta hori arazo bat da 600 metroko izotz pareta bat igo behar denean”. Emanaldian argituko dute tontorra lortzerik izan zuten ala ez.
Beste taldeko lagunak (Leire, Ibon,Ion, Aitor eta Andoitz) Chopicalqui (6.354 m.) igotzen saiatu ziren. Altuera horietan eguraldiak ez du barkatzen, ordea, eta gailurra egiteko asmoa zuten egunean buelta erdia ematera derrigortu zituen haize bortitzek eta elur ekaitzek. Leirek eta Ibonek ez zuten gehiagorako astirik izan, oporrak amaitu zitzaizkien-eta. Beste hirurak asegabe geratu ziren eta eguraldiak hobera egin zuenean Chopicalquira itzultzea erabaki zuten. Helburutik gertu zegoenez Pisco (5.752 m.) mendia igo zuten lehenbizi eta Chopicalquiko gailurrera iristea lortu zuten ondoren, haizea eta hotza etsai izan zituzten arren.
- Emanaldi honetako argazki eta bideo ikusgarriak ikusi nahi dituenak gaur (apirilak 29) dauka hitzordua, iluntzeko 21:30ean Musika Eskolako auditorioan.
• Hurrengo emanaldiak