Errausketari alternatiba aurkeztu du Aralarrek

elgoibarren.net 2009ko api. 30a, 12:57

Debabarrena bailararako hiri hondakinen kudeaketarako proposamena aurkeztu du prentsaurrekoan Aralar alderdiak. Hondakinen tratamenduan ere garapen iraunkorra helburu duten teknologia aurreratuetan oinarritutako azpiegituren aldeko apustua egingo dutela azaldu dute. Euren berbetan, “alternatiba erreala eta bideragarria dela iruditzen zaigu, sozialki eta ingurumenari dagokionean”.

 
  Aralarren nahia aurrera eramateko gaur egungo edukiontziak eta edukiontzi marroia mantenduko lirateke eta baita konpostaje plantak ere, materia organikoa tratatu ahal izateko. Horrez gain, tratamendu termiko-mekanikoa eta Gasifikazio planta egongo lirateke.

1706640365216 Errausketari alternatiba aurkeztu du Aralarrek

 Tratamendu termiko-mekanikoak zaborren bolumena %80 eta birziklapena %90 jaitsiko luke Aralarren berbetan, PIGRUG edo Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016 Plan Orokorreko aurrerapen dokumentuan planteatzen diren "helburuak neurri handi batean gaindituz". Handik energia lortzeko balio duten frakzioak balorazio energetiko plantara zuzenduko lirateke, Gasifikazio plantara bideratu eta energia berriztagarria lortzeko.
Etorkizuneko apustua
  Era berean, azpimarratzen dute etorkizuneko apustua egiten dutela eta ez epe motzekoa, “Errausketa planta ardatz duen kudeaketarekin orain egin nahi duten bezala”. Prosamenaren arabera, mankomunitate bakoitzak bere hondakinen kudeaketa eta tratamendua mankomunitatean bertan egingo luke. Honek, “garraio kostua gutxitu, lanpostu gehiago sortu, kokapenari gizarte eragopen gutxiago eskaini eta gizartearen kontzientziazio errazagoa sustatzea suposatuko luke” adierazi zuten Aralarreko  kideek Eibarren eskaini zuten prentsaurrekoan. Euren iritziz, aurkeztu duten alternatiba  zentzuzko kudeaketa ziklo batek oinarrian izan beharko lituzkeen irizpideetan eraikitzen da: iraunkortasuna (anbientala, soziala eta ekonomikoa), hurbiltasun printzipioa (hondakinak sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen tratatzea), prebentzioa, efizentzia energetikoa (ahalik eta energia gutxien gastatzea eta ahalik eta gehiena sortzea) eta azpiegitura erraldoiak ekiditea.