2007ko azaroan 'Lehen harria' jartzearen ekitaldi sinbolikoa egin zuten agintariek eta atzo Hezkuntza, enpresa eta instituzio publikoetako hainbat ordezkarik parte hartu zuten amaituta eta erabiltzeko ia prest dagoen Meka eraikinaren inaugurazio ekitaldian: Iñaki Mujika, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea; Igone Azpiroz, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria; Alfredo Etxeberria, Elgoibarko alkatea eta BHI Institutuko eta IMHko zuzendari eta arduradunak, besteak beste.
Meka Proiektua aurrera ateratzeko sorreratik lan egin duen Iñaki Konde elgoibartarra ere bertan egon zen eta duela gutxi hil den Alberto Ortueta, AFMko zuzendari izandakoa, gogoraarazi nahi izan zuen, “Orain dela zazpi urte Meka proiektua abian jartzeko egin zuen ekarpenagatik”.
•Espiritu ekintzaile eta berritzailea
Enpresarekin harreman iraunkor eta estuan oinarritutako lanerako filosofiarekin, espiritu ekintzaile eta berritzailearekin, lanbide berrien eskaerak asebete eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko gai izango diren profesionalak prestatzea da Meka proiektuaren abiapuntua eta helburua. Alabaina, automozioaren sektoreak, bereziki, bizi duen krisi latzak ez ditu gauzak erraztuko zentro berriko sustatzaileen berbetan, “krisitik ateratzen garenerako prestatutako ikasleak edukitzea izango da gure zeregina eta aportazioa”.
•Zazpi milioi eta erdi
7,5 milioi euroko kostua izan du Meka proiektuak. Eusko Jaurlaritzak jarri du gehiengoa, 6,5 milioi euro (5,5 eraikina egiteko eta milioi bat ekipamenduetarako). Beste milioia erreminta makina alorreko 78 enpresa laguntzailek emandako dirulaguntzekin osatu da.
•Lehen ikasleak irailean
Lehen promozioa osatuko duten 250 ikaslek estreinatuko dituzte Meka zentroko instalazioak irailetik aurrera. Ikasturte hasieran, baita ere, tailerren ekipamenduak martxan daudela eta erakustaldi gisa, beste ekitaldi bat antolatuko da hauen funtzionamendua eta prozesuak bertatik bertara erakusteko.
•Gipuzkoa Innova Saria
Gipuzkoako pertsona ekintzailearenari ematen zaion Gipuzkoa Innova Saria, Noticias De Gipuzkoa egunkariak banatzen duena, Meka formazio zentro inauguratu berrian banatuko da maiatzaren 7an, eguena, 18:30etan.
Gipuzkoako pertsona ekintzailearenari ematen zaion Gipuzkoa Innova Saria, Noticias De Gipuzkoa egunkariak banatzen duena, Meka formazio zentro inauguratu berrian banatuko da maiatzaren 7an, eguena, 18:30etan.
- Informazio gehiago hemen