‘Los Gavilanes’ zarzuelarako sarrerak salgai daude

elgoibarren.net 2009ko mai. 5a, 14:29

 
Los Gavilanes zarzuela, zuzeneko orkestrarekin lagunduta, entzun ahal izango da barixaku honetan, maiatzaren 8an, Herriko Antzokian (21:30).

 
 
 Bilboko Masa Coral del Ensanche taldearen eskutik ailegatuko da oraingo honetan ere zarzuela gurera, izan ere, azken urteetan lan berri bat duen bakoitzean etortzen da taldea Herriko Antzokira, eta arrakasta handia lortu izan du. El Caserio eta Katiuska zarzuelekin etorri izan dira aurrez Elgoibarrera. Los Gavilanes zarzuela ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Kultur Etxean (Kultura Sailean).

Maitasun kontuak
 Probentza inguruko herri arrantzale batean gertatzen da kontaketa. Juan Indianoa, luzaroan Ameriketan ibili ondoren, etxera bueltatzen da; dirua egitera joan zen Juan Ameriketara. Harrera beroa egiten diote lagunek, eta anaiaren etxera eramaten dute. Lortutako diruarekin herria hobetzen lagunduko duela uste dute. Etxera bueltatzean Adrianarekin ere topo egiten du; aspaldiko amodioa da Adriana, baina luzaroan banatuta egon eta gero, ozta-ozta ezagutzen dute elkar. Orduan Rosaura ezagutuko du Juanek; Adrianen alaba da, eta amaren gaztetako irudia da neska. Adriana ahaztu eta Rosauraz maiteminduko da Juan. Baina ez da erraza izango neskaren maitasuna lortzea, haren ezkongaiak, Gustavok, ez dio bidea erraz egiten lagako. Rosaura harrapatu nahi duen hegazti harrapari legez ikusiko dute herritarrek Juan, horregatik Gabiraia (el gavilan) gaitzizena jarriko diote.