Elgoibartarrek kadete mailako partida, 12 eta 22, eta nagusien mailakoa, 4 eta 22, irabazi zituzten Lasarte-Orian. Jubenilek, ostera, amore eman behar izan zuten eta 22 eta 16 galdu zuten. Emaitza horiekin itxaropentsu egoteko moduan dira Lagunak Pilota Eskolako kideak, batez ere, lortutako tanteoei esker. Barixaku honetan (maiatzak 8) etxean jokatuko dituzten itzulerako partidetan bi partida irabazita sailkapena eurena da, halaber, bakarra irabazi eta galdutako partidetan lasartearrek egin zituztenak baino tanto gehiago eginda ere aurrera egingo lukete, final-laurdenetarako sailkatuz.
Lasarte-Oriako taldea lehen kanporaketan Idiazabali 6 eta 0 irabaztetik zetorren, baina aurkari gogorra topatu dute elgoibartarrengan. Norgehiagokaren irabazleak Donostia edo Asteasu izango du aurkari final-laurdenetan. Momentuz donostiarrena da abantaila 2 eta 1 irabazi baitzuten Asteasun. Iaz, finalera iristea lortu zuen Donostiak, nahiz eta gero Azpeitiaren aurkako finalean urolarrek jantzi zuten txapela, nagusitasun osoz (3 eta 0), irabazi eta gero. Elgoibar Hernanik kanporatu zuen iaz final-laurdenetako kanporaketan.
•Loiola txapeldun Matienan
Pilota kontuekin jarraituz, Matienako Txapelketako finala jokatu zuen asteburuan Eneko Loiola atzelari sanmigeldarrak Renobalesekin bikote eginez. Aurkari gogorrak zituzten arren, 22 eta 14 irabazi zieten Andreuri eta Mendilibarri. Urte hasieran San Anton torneoko finalera ailegatu zen Loiola hirugarrengoz, baina hirugarrengoan ere ezin izan zuen etxean profeta izan eta afizionatu mailako torneorik prestigiotsuenetarikoa irabazteko ateetan geratu zen beste behin. Matienako garaipenarekin arantza hura ez baina antzerakoa kentzeko aukera izan du.