Elgoibarko, eta aukeratutako gainerako herrietako, eraikin publikoetan eguzki-energia lortzeko panelak kokatzeko proiektu pilotua hasiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren bidez, herritarrek plaken instalazioan inbertitu eta produkzio elektrikotik urtero bideratzen diren dibidenduak errentagarri bihurtu ahalko dituzte. Izan ere, aipatutako herrietako herritarrek eraikin publikoetan plakak instalatzeko gastuei aurre egiteko partaidetzak eros ditzakete, eta Aldundiak gainerakoa ordainduko du. Energiaren produkzioa “gizarteratzeko eta demokratizatzeko” nahimenarekin sortu duten metodoa dela azaldu du Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak, lau herrietako alkateekin batera eskaini zuten prentsaurrekoan.
Erosleek urtero “% 10 baino gehiagoko” errentagarritasuna eskuratuko dute. Horregatik, Ormazabalek inbertsio hau “pentsio plan” batekin konparatu du eta eguzki-energia inoiz bukatzen ez den abantaila dela eta hurrengo 25 urteotan gutxienez errentagarria izango dela gaineratu du.
Foru Aldundiko iturrien arabera, Gipuzkoako fiskalitateari esker, jarduera Ogasunean desgrabatuko da.