Espainiako Txapelketaren atarian geratu da IMH eskubaloi taldea

elgoibarren.net 2009ko mai. 20a, 10:25

 
Valladolideko Aula Cultural taldearen aurkako partida erabakigarria 29 eta 28 galdu eta gero, kadete mailako Espainiako zortzi talderik onenek jokatuko duten Espainiako Txapelketan sartzetik pauso batera geratu da IMH eskubaloi taldea. Egungo Euskadiko txapeldunak, IMHk, maila bikaina erakutsi du Valladoliden, asteburuan, jokatu den Espainiako Txapelketaren sektore fasean. Jokatutako hiru partidetatik bi irabazi dituzte.



Emozioa azken unera arte
  Lehen bi partidak irabazi ostean; 30 eta 21 Nafarroako Itxakori eta 27 eta 19 Galiziako Peguformi, Valladolideko Aula Cultural taldearen aurka jokatu zuen IMHk Espainiako Txapelketako azken faserako sailkapena erabakiko zuen partida erabakigarria. Eta, asteburuko bi talderik onenen arteko norgehiagoka parekatua izan zen oso. Aurkariek etxean jokatzen zuten arren, IMHkoak ez ziren kikildu eta partidaren bila joan ziren hasieratik, saria handia baitzen. Atsedenaldian aurretik ziren elgoibartarrak, baina azken txanpan partida berdintzea lortu zuten Valladolidekoek. Markagailuak 28nako berdinketa erakusten zuenean, irabaztera behartuta zeuden elgoibartarrak, berdinketarekin –sartu eta jasotako gol kopurua dela-eta- Valladolideko taldearen esku baitzegoen sailkapena. Saiatu ziren garaipenaren gola sartzen, baina Aula Culturalek 20 segundoren faltan sartu zuen golak garaipena eta Espainiako zortzi talderik onenen aurka lehiatzeko aukera eman zien.

  Denboraldi aparta egin du aurten IMHk. Bigarren urtez jarraian Euskadiko txapeldun izatea lortu dute eta azken unera arte Espainiako Txapelketaren azken fasera sailkatzeko aukera izan dute kadete mailako neskek.