2 eta 0 galdu du Haundik Burgosen

elgoibarren.net 2009ko mai. 25a, 10:40

 
Burgosek abantaila handia eskuratu du Bigarren B mailara igotzeko fasearen joaneko partidan; Haundik 2 eta 0 galdu baitzuen atzo, domekan, Burgos C.F. taldearen aurka Plantio futbol zelaian jokatutako norgehiagokan. Sailkapena garesti daukate elgoibartarrek, gaztelarren abantaila handia baita; ez ordea erabakigarria. Datorren zapatuan (maiatzak 30) Mintxetan jokatuko duten itzulerako partida hil ala bizikoa izango da.


Gaztelarren nagusitasuna
 Burgoseko jokalariak Haundikoak baino gehiago izan ziren atzokoan. Gaztelarren lehen gola Mauretak sartu zuen buruz 26. minutuan eta atsedenaldira bi goleko aldeaz iristeko aukera ere izan zuten, Iñakik Burgosen aldeko penalti bat huts egin izan ez balu. Elgoibartarren zoritxarrerako, lehen zatiko bidetik jarraitu zuten gauzek bigarren zatian ere, eta hala, Colinak bigarren gola sartu zuen, hau ere buruz. Amaieran kanporaketa ia erabakita lagatzeko aukera gehiago ere eduki zituzten Burgosekoek, baina ez zuten asmatu.
Erronka zaila baina ez ezinezkoa
 Horrela bada, bi goleko aldeari buelta eman beharko diote Haundikoek Mintxetan. Zailagoak ere ikusi dira bai, baina gogotik saiatu beharko dute Jaboba Arrasateren mutilek. Etxetik kanpo sartutako golek balio bikoitza dutela kontutan izanik, golik ez jasotzea nahitaezkoa izango da Mintxetako partidan. Hori gutxi ez balitz kanporaketa berdintzeko bi gol eta hiru gol aurrera egiteko sartu beharko dituzte Haundikoek. Erronka zaila den arren, zaleen babesik ez zaie faltako, Burgoseko partiduan erakutsi zuten moduan. Hasiera batean gehiago ziren Burgosera Haundi animatzera joateko prest zeuden zaletuak, baina partidaren hasiera ordua ordubete atzeratu zutenez -20:00etan jokatu zen-, zaletu zuri-gorriz betetako autobus bat bakarrik joan zen azkenean Burgos aldera.
 Bestalde, Burgos taldeak 1.000 sarrera eskatu dizkio C.D Elgoibar klubari Mintxetako partidurako, baina joaneko partidaren emaitza ikusirik, beharbada, gutxiago izango dira Mintxetara etorriko diren zaletu gaztelarrak.
 Itzulerako partida erabakigarria zapatuan, maiatzaren 30ean, jokatuko da Mintxetan, ziurrenik 17:00etatik aurrera.

1706640326096 2 eta 0 galdu du Haundik Burgosen

1706640326131 2 eta 0 galdu du Haundik Burgosen