Ainara Burgañaren logotipoa aukeratu du Bandak 125. urteurrena gogoratzeko

elgoibarren.net 2009ko mai. 25a, 12:12

 
Aukeratu dute Elgoibarko Udal Musika Bandaren 125. urteurrenaren irudia izango den logotipoa. Ainara Burgaña elgoibartarraren lan batek irabazi du asmo horrekin Udalak eta Bandak berak antolatu duten logotipo lehiaketa. Logotipoa, 2010 urtean Bandaren 125. urteurrena gogorarazteko egingo diren ekitaldiak iragartzeko erabiliko da.

 


 Jose Antonio Osoro, Elgoibarko Udal Musika Bandako zuzendariaren eta Iñigo Cearsolo, Kultura batzordeburuaren -hau ere bandako kidea- eskutik jaso zuen saria Ainara Burgañak; 500 euroko saria, alegia.
 Logotipo lehiaketan 38 lanek parte hartu dute, tartean Espainiako hainbat lekutatik aurkeztutakoak. Musika Bandako kideek osatutako epaimahaiaren iritziz, baina, Ainara Burgañak aurkeztutako lanak merezi zuen saria. Honakoa ez da Burgañak irabazten duen gisa honetako estreinako lehiaketa, 2006an Gazteria Sailak antolatutako logotipo lehiaketa ere irabazi baitzuen diseinatzaile grafiko lanetan aritzen den elgoibartarrak.

Jose Antonio Osoro, Bandako zuzendaria eta Ainara Burgaña, lehiaketaren irabazlea.

Logotipo irabazlea.