Bost elgoibartarrek amaitu dute Zegama-Aizkorri maratoia

elgoibarren.net 2009ko mai. 25a, 13:52

Sei elgoibartarrek parte hartu zuten domekan Zegama-Aizkorri mendi-maratoian, horietatik bostek amaitu zuten proba gogorra eta bik, gainera, postu oso onak lortuz; Jon Revert 51. postuan eta David Conde 52. postuan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Antxintxikarien arerio nagusia gainditu beharreko 5.470 metroko desnibela izan zen, beste behin, baina goiz guztian altxatu ez zuen behe-lainoak ere ez zizkien gauzak erraztu, ez parte hartzaileei eta ezta ikusleei ere. Zortzigarren ekitaldia izan da aurtengoa, eta berriz ere Munduko Koparako puntuagarria.



Iñigo Lariz bere lehen parte hartzean.

 Antxintxikarien ahala muturreraino eramaten duen proba izan arren, lagun mordoak parte hartu nahi izaten du urtero Zegama Aizkorri maratoian. Antolatzaileek, baina, 400 lagunetan ezarri dute parte hartzaileen muga. Proba gogorreko lehen oztopoa zozketan aukeratua izatea da, hortaz. Sei elgoibartarrek gainditu zuten zoriak ezarritako lehen galbahea eta Zegamako irteeran egon ziren domeka honetan. Unai Narbaizak hanketako minez bertan behera utzi behar izan zuen lehia, baina gainerakoek postu onak lortu dituzte. Denbora guztian lainopean aritu ziren arren, marka onak egin zituzten, gainera, elgoibartarrek. Mendaron bizi den Jon Revert elgoibartarrak, esaterako, 2007ko ekitaldian ezarri zuen bere markarik onena hobetu zuen, 11 minutuan hobetu ere. Ikus beheko taulan elgoibartarren sailkapena.

Postua

Izena

Denbora

Erritmoa

51

Jon Revert

04:48:15

6:50

52

David Conde

04:48:17

6:50

88

Xabier Bergaretxe

05:01:15

7:08

215

Iñigo Lariz

05:52:16

8:21

230

Josu Mendicute

05:54:17

8:24

  Ingeles bat eta italiar bat bizkorrenak
 Sailkapen nagusiari dagokionez, Ricky Lightfoot –hanka arin moduan itzul daiteke bere abizena- ingelesak irabazi zuen lasterketa, 04:03:12 denbora eginez. Nesketan, berriz, Emanuela Brizio italiarrak 04:38:19 denbora egin zuen eta beraz, errekorra hautsi. 345 gizonezko eta 35 emakumezko izan zirela guztira, eta azpimarratzekoa da Oihana Kortazar elgetarrak, 2008ko Karakateko Igoerako irabazleak eta errekorraren jabeak, 7. postuan amaitu zuela lasterketa.
           Ikus hemen: Sailkapen osoa (pdf)
 
Lotura duten albisteak: