Gmail euskaraz erabili ahalko da aurrerantzean

elgoibarren.net 2009ko mai. 26a, 14:13

Pedro Arreitunandia, Elgoibarko IMH ikastetxean informatikari moduan lanean diharduen mutrikuarra izan da Gmail e-posta zerbitzua euskaraz ere erabili daitekeela jabetzen aurrenekoa, eta noski, berehala zabaldu da albistea euskarazko blogosferan. Mundu osoan gehien erabiltzen den e-posta zerbitzua izango da ziurrenik Gmail, baina orain arte ezin zen euskaraz erabili.


 Bere blogean (Tolon) eman zuen aditzera Pedro Arreitunandiak aukera berriaren berri eta oihartzun zabala eduki du berri onak (ikusi albiste hau ondorengo hedabideetan: argia.com; sustatu.com; zabaldu.com; eitb.com).
 Argiaren webgunearen bitartez jakin dugunez, polemikarako tartea ere izan da: EiTBk bere Interneteko atarian esan baitu Gmail euskaratzea Google-en eta EiTBren arteko akordioaren emaitza dela, eta hainbat internauta haserretu egin dira baieztapen horrekin. Kanpaina abiatu dute Twitter-en, "lotsagabe" hitza erabiliz.