Artetxen egon ohi da Harri Beltza, ibai aldean, probaleku zaharraren inguruan eta proba amaitzean hara eramango dute bueltan. Azken 50 urtean geldi, ahantzita, egon eta gero errekarri horixe izango da Trinitate Bezperan egingo duten idi-proba erakustaldiko nobedade eta protagonista nagusia; Soarteren idien baimenaz. Idiok harri zaila Nafarroa plazako probalekuan mugitzeko ahalegina egingo dute.
Aldapa baserriko Ramon Larrañagaren arabera, orain dela 50 bat urte erabiliko zuten Harri Beltza azkenengoz. “Proban ibiltzen den jendeak harri horri lotzeko erreparo handia dauka”, azaldu du. Akorduan dauzka Azkue-San Roke auzoko Goena baserrikoen aitaitaren idiekin izandako komeriak. Idi gogorrak izan arren, harriari tira eginez ibili ziren behin, Uztarriko probalekuan, Santa Klara inguruan. Harria mugitu bai, baina ez behar zuten tokira. Idiak ernegatu egin ziren, eta gero solte harrapatu ezinda ibili ziren kalean.
Lekunberri baserriko Jose Inazio Aierdik gogoratzen du harria erabili zuten azken aldia: Azkoitiko Ilarrak bost giltza bost minutuan egin zituen, eta 5.000 pezeta eskuratu zituen, orain dela 50 urte.
Proban dabiltzanek teknika menderatu behar dutela uste dute Jose Inazio Aierdik eta Ramon Larrañagak. Izan ere, idiei tira egitean min handia egiten die lepoan. Gertatu izan da mugitzen hasi eta aurrera egin gabe harriak atzera egitea. Ikusi egin beharko da Soarteren idiak zer egiteko kapaz diren.