“Bizkar eman ezin nion kirol-aukera da Natur House La Rioja taldearena”

elgoibarren.net 2009ko mai. 28a, 11:30

Unai Arrieta fitxatu du Logroñoko Natur House La Rioja eskubaloi taldeak. Denboraldi baterako kontratua sinatu du elgoibartarrak errioxarrekin. Azken bi denboraldiak Eibarko Arrate taldean jokatu ditu Arrietak, baina azkenengo urtea oso gogorra izan dela aitortu du, “arlo guztietan izan da zaila. Kluba zorretan itota dago eta hilabete asko dira soldatarik kobratzen ez dugula”. Arazo ekonomikoak gutxi ez eta kirol arloan ere “nahiko pattal” aritu direla onartu du. (elkarrizketa dauka)



Argazkia: Francesc.

- Zer dela eta lagako duzu Arrate?

Datorren denboraldirako Logroñoko Natur House La Rioja taldetik eskaintza jaso nuen eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Eskubaloi jokalari bezala hazten jarraitzeko aukera oso polita dela uste dut. Azken hiru urte hauetan Asobal ligan bere lekua egin duen talde da Logroñokoa. Joko taktiko on bat da egun taldearen ezaugarri nagusia. Bukatu berri den denboraldia zazpigarren postuan amaitu du eta azken orduko ezustekorik ezean Europako EHF Kopan jokatzeko plaza bat izango du. Bizkar eman ezin nion kirol-aukera dela uste dut.
- Zenbat denboralditarako fitxatu duzu talde berriarekin?

Denboraldi batetarako itxi dut kontratua, hala ere beste urtebetez luzatzeko aukera izango dut.
 
- Nolakoa izan da amaitu berri den denboraldia; zuretzat eta taldearentzat?
Urte oso gogorra eta zaila izan da, arlo guztietan. Kluba zorretan itota dago, ezin gastuei aurre egin, ezin jokalarioi ordaindu, hilabete asko dira soldatarik kobratzen ez dugula. Kirol arloan ere ez da batere erraza izan denboraldia. Entrenatzaile berri bat izan dugu eta taldea bere diziplinara ohitu ezinda edo ibili da. Ez dugu gure mailarik onena eman, nahiko pattal aritu gara.

- Irungo Bidasoatik iritsi ziren Arratera orain dela bi urte. Nolakoa izan da Eibarren egin duzun denbora?
Joan den denboraldia emaitzei dagokienean ederra izan zen. Zazpigarren postuan bukatu genuen denboraldia, Europako EHF Kopako plaza eskuratuz. Errege Kopan ere partehartze polita izan genuen. Taldeak garaileen jarrera izan zuen momentu askotan, talde handiei susto bat baino gehiago eman genizkien. Arazo ekonomikoekin hasita bageunden ere emaitzek asko arindu
zuten egoera.

- Zein dira zure helburuak talde berriarekin?
Izar handirik gabeko taldea da, indibidualitateen gainetik talde-lana eta talde-giroa nabarmentzen dira. Entrenatzailea ere goi-mailakoa da, aurten taldeak egin duen jokoan nabari-nabari izan da bere eskuartzea, joko taktiko ordenatu bat du egun taldeak ezaugarri. Sistema berri horretara egokitzea erronka polita da niretzat, jokalari bezala hazten joateko aukera ezin hobea. Oso gustura nago fitxaketarekin.

Unai Arrieta Arraterekin Natur House La Rioja taldearen aurkako partida batean.

Ciudad Real talde indartsuaren defentsa gainditu nahian.

 
Unai Arrieta (ibilbidea)
  • Elgoibar
  • J.D. Arrate (1997-99)
  • C.D. Bidasoa (1999-2001)
  • Cadagua Galdar (2001-2003)
  • C.D. Bidasoa (2003-2007)
  • J.D. Arrate (2007-2009)
  • Natur House La Rioja (2009 - )

*Argazkiak: J.D Arrate