Elgoibarko enpresak ez daude krisiaren atzaparretatik salbu. Krisiaren eraginez askok murriztu dute produkzioa, eta ondorioz, lan jarduna ere bai. Tamalez, horren ezagunak egin diren ERE/LEE (Lan Erregulazio Espedienteak) ere aurkeztu dituzte batzuk. Azkena, metalezko piezen tratamendu termikoan aritzen den AIMT Sarasketa enpresa (Arriaga industrigunean) izan da.
CCOO sindikatuko Euskadiko Industria Federazioak “oso zorrotz” gaitzetsi du, Alemaniako eta Holandako Aalberts Industries Material Technologies (AIMT) multinazionalak Elgoibarko plantarako aurkeztu duen erregulazio txostena, eta, aitzitik, egoerari buelta eman ahal izateko fondoak jartzeko eskatu dio. Sindikatuko iturriek jakinarazi dutenez, “enpresa ixtearekin eta langile giuztiak kalean lagatzearekin amenazo egin die konpainiak langileei mobilizazioak egiten badituzte”. Eurek, baina, argi daukate “eraso” honen aurrean mobilizazioen bitartez erantzungo dutela.
Sindikatuak gaineratu duenez, beste erregulazio txosten baten ostean etorri da oraingo neurri hau. “Lau hilabeteko iraupena eduki zuten txandakako lan etenaldiak egin zituzten plantillako langile guztiek”.
•Lan merkatutik kanpo geratzeko arriskua
Bestalde, erregulazio txostenak eragindako langileen gehiengoak 55 urtetik gora dauzka eta kaleratzeak lan merkatutik “behin betiko zokoratzea” esan nahiko luke.
Kaleratzeen kalte-ordainetan 500.000 euro ordaintzeko prest agertu da AIMT Sarasketa. Prestutasun horrek, CCOO sindikatuaren ustez, argi erakusten du Elgoibarko planta mantentzeko beharrezko kapitalaren jabe dela multinazionala, “planta mantentzeko, zorrak kitatzeko eta euren jardunarekin jarraitzeko lain kapital dauka multinazionalak”. Zuzendaritzak aurkeztu duen galeren balantzea ez ei dator bat Sarasketaren benetako egoerarekin, “labe berri baterako eginiko inbertsioak edo amortizazioa ageri baita kontuetan, besteak beste”.

Orain dela urte batzuk bereganatu zuen AIMT Sarasketa Aalberts Industries Material Technologies (AIMT) multinazionalak. Elgoibarkoaz gain, Alemanian, Holandan, Frantzian, Britainia Handian, Italian eta beste herrialde batzuetan ere baditu produkzio zentroak. Baita gertuago ere: Amorebietan, Atxondon, Madrilen, Zaragozan eta Bartzelonan.