Euskal ezkontza irudikatuko du aurtengo danborradak

elgoibarren.net 2009ko eka. 5a, 09:35

Gai berezi baten inguruan antolatzen du urtero Nagusien Trinitateetako Danborradak. Iaz, ardoa izan zen danborradaren ardatza, eta orain dela urte bi, itsasoa. Aurten, Euskal ezkontza izango da. Trinitateetarako eskaintza ez da, ordea, danborradara mugatzen: bai Udalak eta bai Madalako Jai Batzordeak egitarauak luzeak eta denetarikoak antolatu dituzte. Gaur arratsaldean hasiko dira jaiak; Kiribil barraskiloa, Mauxitxa Txaranga eta Zezenzikleten jaialdiarekin. Eta gauean, Expresion Sonoraren kontzertua Madalako parke berrian.


1706640294304 Euskal ezkontza irudikatuko du aurtengo danborradak

Trinitateetako azoka berezia
Bihar, Trinitate bezperan, Elgoibarko baserritarrek kalea hartuko dute, eurak ekoiztutako produktuak saltzeko. Zortzi baserrik barazkiak eramango dituzte. 28 baserrik, berriz, abereak erakutsiko dituzte. Azoka 10:00etan hasi eta 17:00etan amaituko da.
Idi dema Harri Beltzarekin
Azoka girotzeko, idi-dema berezia antolatu du Debemenek. Soarteren idi pareak 2.100 kiloko Harri Beltza mugitzeko ahalegina egingo du. Antzina ibaitik ustez atera zuten harri horrek oso forma bihurria dauka, eta, landu gabe dagoenez, idiek nekez mugitu dezakete. 50 urtean inor ez da ausartu Harri Beltza-rekin. Ikuskizuna 12:30ean hasiko da, Nafarroa plazan.

Euskal ezkontza

1706640294341 Euskal ezkontza irudikatuko du aurtengo danborradak

Danborradak euskal ezkontza irudikatuko du bihar gauerdian. Ezkongaiena lagun bik egingo dute, gurdi gainean. Guztira, 250 lagunek parte hartuko dute danborradan; tartean, gastadore konpainia elgoibartarrak estreinakoz parte hartuko du ikuskizunean. Gainera, pare bat bildots ere erreko dituztela iragarri dute. Kanoia ere kalejiran aterako dute, baina aurten ere danbatekorik egin gabe gelditu beharko du.

Trinitate Eguna eta Hauteskunde Eguna

1706640294402 Euskal ezkontza irudikatuko du aurtengo danborradak

Europako Parlamentuko hauteskunde egunean tokatu da aurten Trinitate Eguna (ekainak 7). Udal txistulari Bandaren dianarekin hasiko da eguna, 9:00etan. Ordu berean, ehiza-txakurren lehiaketari ekingo diote, Mintxetan. Artisauen azoka 10:30ean hasiko da. Besteak beste, egurrezko lanak, beirazkoak, bitxiak, larrua, ehunak eta lutheria ikusi eta saldu ahal izango dira. Aurten, 27 artisauk parte hartuko dute, tartean Elgoibarko bederatzik.

Umeen danborrada

Musika Eskolak 25 urte bete dituela gogoratuko du umeen danborradak.

Aurten, berezia izango da umeen danborrada, musika eskolak 25 urte egin dituelako. Urteurrenerako sortu berri duten logotipoa eta instrumentu batzuk karroza gainean izango dira. Zentruko arduradunek aurreratu dute 5 urteko umeak karrozan joango direla, 8 eta 9 urteko beste batzuekin batera. Danborradaren aurrealdean 6 urteko txikiak joango dira, inude eta artzain jantzita. Hori izango da umeen danborradako nobedadea aurten. Izan ere, ume horiek dantza bereziren bat egingo dute ibilbidean zehar. Betiko ibilbidea egingo du danborradak. Plaza Handitik Santa Ana aldera Joao du karrozaren bila. Handik Madalaraino jaitsiko da, eta handik Pedro Migel Urruzunora joko du, Plaza Handira itzuli aurretik. Ordu eta laurden inguru iraungo du.