Lapurreta 'Gys Sport' kirol dendan eta kalteak Mintxetako aldageletan

elgoibarren.net 2009ko eka. 16a, 13:24

Arrasto iluna laga du asteburuak. Batetik, bi lagun atxilotu zituzten ertzainek Gys Sport dendan (Jausoro plazan) indarra erabiliz osteagatik, domekan. Bestetik, egun berean ireki zituzten Mintxetako aire libreko igerilekuak, eta, estreinaldi kaskarra eduki du denboraldi hasierak; ez ordea, eguraldiak lagundu ez zuelako, haur eta gazte talde batek igerilekuetako aldageletan kalteak eragin zituelako baizik.


Ateko kristala apurtuta sartu ziren lapurrak denda barrura.

Bigarren lapurreta urtebetean
  Urteko bigarren lapurreta jasan du Gys Sport dendak (Jausoro plazan). Lehena joan zen martxoan: denda aldamenean dagoen garajetik sartu ziren eta udaberriko jantziak, oinetakoak eta garajean zegoen autoa ere eraman zuten orduko lapurreta hartan. “Loteria baino errazago tokatzen dira horrelakoak"  adierazi du etsipen puntu batekin Astigarraga Kirolak dendako ugazabak.

 Oraingoan inguruko estolderia batetako tapa erabili zuten ustezko lapurrek denda kanpoko kristala apurtu eta barrura sartzeko. Ertzaintzako iturriek jakinarazitakoaren arabera, domeka goizeko zazpiak eta erdiak aldera, Elgoibarko denda batean jazotako lapurreta baten berri izan zuten Eibarko ertzain-etxeko agenteek. Iristean, lokaleko kanpoko kristala hautsita zegoela egiaztatu zuten eta barruan dena hankaz gora aurkitu zuten. Gero jakin ahal izan zutenez, ustezko lapurrek hainbat objektu ostu zituzten dendatik eta guztiak dendan bertan aurkitu zituzten bi maletatan gorde zituzten, alde batetik bestera eraman ahal izateko.
Minutu batzuk geroago, patruiletako batek, lapurretaren salaketan zehaztutako maleta berberak gainean zeramatzaten bi gizonezko aurkitu zituzten. Maleta barruan, oraindik paketeetatik atera gabeko (etiketak zeramatzaten) hainbat material aurkitu zituzten. Hau ikusita, aurrekariak dituzten 18 urteko bi gizonezkoak atxilotu zituzten indarra erabiliz egindako ustezko lapurreta delitu bat leporatuta.  Atxiloketaren ostean, lapurtutako material guztia berreskuratu zuten ertzainek. Lapurtutako dirua, “200 euro inguru”, berreskuratzeko arazo gehiago izango dituztela ziurtatu du, ordea, dendako ugazabak.

Kalteak Mintxetako aldageletan
  Mintxetako aire libreko igerilekuen denboraldiari hasiera eman zitzaien egunean, domekan, haur eta gazte talde batek kalteak eragin zituen igerilekuetako aldageletan (ikus argazkiak). Udal Kirol Patronatuak jakinarazi duenez, ez daude prest horrelako jarrerak onartzeko eta hilabete batetarako sarrera debekatu die kalte hauek sortu dituztenei, zeintzuk izan ziren identifikatzeko aukera izan baitute. "Aurrerantzean horrelakorik gertatuz gero, zigor berdina ezarriko zaie instalazioetako arauak edota pertsonak errespetatzen ez dituztenei” adierazi dute Kirol Patronatuko arduradunek. Kasu honetan ere ez da horrelakorik gertatu den estreinako aldia. Orain dela bi urte ere apurketak egin zituzten aldageletan.

1706640264181 Lapurreta 'Gys Sport' kirol dendan eta kalteak Mintxetako aldageletan

1706640264214 Lapurreta 'Gys Sport' kirol dendan eta kalteak Mintxetako aldageletan

 
Lotura duten albisteak: