Urrezko ezteiak ospatu dituzte Gure Bide eta Zubi Ondo elkarteek

elgoibarren.net 2009ko eka. 22a, 11:40

50 urte egin dituztela-eta, urrezko ezteiak ospatu zituzten zapatuan herriko bi elkarte ezagunetako bazkideek; Gure Bide eta Zubi Ondo elkartekoek, hain zuzen ere. Bi elkarteek elkarrekin antolatu zituzten hainbat ekintza: elizkizun zibiko-erlijiosoa, aurreskua, Mauxitxa txarangaren kalejira, e.a. Bazkideen argazkia eguneratzeko ere aprobetxatu zuten. Elkarte bati dagokion moduan, bazkari eder batekin amaitu zituzten ospakizunak batak zein besteak.

 

Gure-Bide elkarteko bazkideak.

Gure Bide Txirrindulari Elkarteak 125 bazkide inguru dauzka eta herrian txirrindularitzarekiko zaletasuna bultzatzeko sortu zen, besteak beste, 1959. urtean. Urtero San Bartolome bezperan, abuztuaren 23an, egiten den Etxanizen Omenezko txirrindularitza lasterketa ere antolatzen du Elkarteak. Zapatuan egin zituzten ekintzez gain, bazkide sortzaileei bazkari omenaldia egingo diete ekainaren 27an.


Zubi-Ondo elkarteko bazkideak.

Zubi-Ondo elkartea, bestalde, xakeari lotuta egon da hasieratik. Gizarte ekintzak antolatzeaz gainera, xakearekiko zaletasuna sustatzea izan da elkartearen helburuetako bat. Hala, Udal Kirol Patronatuarekin lankidetzan Elgoibarko Nazioarteko Xake Txapelketa antolatzen du Zubi Ondok urtero, eta nazioarteko xakelaririk onenek parte hartzen dute bertan.