Eraikuntza barruko harrizko arkuek sahats negartiek bezala etsi zutela zirudien. Sarrerako ate ondoan baztertzen zen mahaitxoan aldizkari ireki bat zegoen gainean mukizapi bat zuela. Mukizapia hartu eta zintz egin eta gero hitz egin zion zerbitzariak berriro:
-Bai. Pigmalion erregea gaixo dago. Bere maiteak printze harekin alde egin zuenean hasi zen guztia. Ezagutzen dugu maitasunezko mina baina… gure jaunarena beldurgarria da. Harrizkoak bihurtu zaizkio begiak eta ilargi bete oro hizki bat zizelkatu diote ikusmenean. Eta izua trabatzen zaio basamortuko harea guztiak hertsi dizkion arimaren arnas-bideetan. Ezin du bere mina malkotan isuri.
Jakina zen Pigmalion bere emaztearen edertasuna aukeratu zuen gizon bakarra zela. Jainkoei eskatu ziela bere eskuz taiutu zituen marmolezko forma eme haiei bizia emateko, emakume ederren batean. Bere kreazioarekin ezkondu zela
Morroiak gelako ate mutua itxi zuenean hasi zen hizketan, aberridunari bizkarra emanda ohantzean esertzen zen ahots makurra. Koroatu gabeko adatsa narrasten zitzaion jaun gorenari. Janzten zuen narruaren animaliak ere galdua zuen oihanean zebileneko usnamena. Betierekotasunaren izenean, ez ziezaiola begietara so egin, ohartarazi zion lehenbizi. Eta jarraitu zuen:
-Aberriduna zaitugu orduan. Entzun dut zerbait zulako gizakumeei buruz. Egian bilatzen omen duzue zoriontasuna gu bezala, baina daukazuelakoan ez daukazuen aberri bati zor diezuela uste duzue egia hori. Horrek alferrik galtzen zaituzte.
Nire erresuman mina aurreztu dugu. Bere patua present du biztanle bakoitzak jaiotzen denetik. Zerbitzari jaioek beraien morrontza onartzen dute. Baletara joandako marinel itoen emazteek ez dute jakingo beraien gizonak itsasoratu zirenena, azkenengo baleak Etiopiako hondartzetan hilobiratu zuela jada bere burua. Kurloiek ez dute ezagutuko ogi apurrik sukaldeko mahai gainena, eta etxekoandreek ez dituzte txoriok afalostero ahazten dituzten teilapeko sekretuak entzungo. Etxe txakurren belarriek soinu guztiak barkatzen dituzte, beraienganantz desagertu ziren otsoenen aiduru. Zuhaitzek ez die belar metei sinadurarik eskatzen eta txantxangorriek zozketatzen dute egunero arrastiko azken txorrotxioa zeinena izango den.
-Bai, jabetzen naiz. Gure herrien txantxangorriek tranpa egiten dute eta beraiek dira beti eguzkiaren azken kantariak. Gure aberrian haizea zuenean baino jakintsuagoa da eta marinelak zuenak baino ausartagoak dira, lurralde berriak topatu izan dituzte itsasoaz bestalde. Bada gurean askatasun egarriz oihanera alde egin duen txakurrik, bai eta tximiniatik sukalderaino sartu den txolarrerik.
Elkarrizketan, kilker kantak dantzatzen zituzten izarrak lekutu ziren bien menean leiho bakarti eta eskuzabaletik.
Erregea hasi zen berriz:
-Nik erru-gabezia partitu nuen, bizigai bakoitzari zegokion ezagutza eman nion. Zoriontasuna ziurtatu nuen horrela, zuek ziur ez daukazuen hori.
-Bata bestearengan isuri ezin moduan guztia atondu zuen horrek, ezagutza oro menperatu eta otzandu zuen horrek nolatan utzi du galtzen itxaropena? Nolatan begiak ezkutatu nahi izatea?
-Patuagatik.
-Jaioarazten zaituzten patuak aukeratzen omen du zuen bizikera, aberrigabeena. Baina berorrek salatu du berorrena, ubeldu gabe belaunak hezi dituen horrek.
-Bai. Nire bizitzaren ilarak kontatu ditudanean ez naiz soilik ni hil, izan naizen guztia hil da. Edertasunak lohitu dezake edozein lekune eta hura jario daiteke batetik besteetara. Hark uxatuko du bestea den guztia, hark damaizue aberrirantz, edertasunak.
-Etor bedi berorri gurera. Ukan beza aberri bat berorrek ere.
-Ez, ezinezkoa, beranduegi da. Besteena da aukera hori.
Beranduegi zen bai, eta aberridunak han utzi zuen aberrigabea bakarrik bere gelan, bi espezie hauek hitz egitera heldu diren historiako egun bakarraren amaieran.
Hortik zehar ohantzean gaixorik etzaten denaren ahotsa entzun daiteke oraindik, “beharbada ez da benetakoa izan errepikatuko ez dena”. Inon zizelkatutako hitzak dira.