17 lagunek parte hartu dute aurten euskaraz hitz egiteko “Tertuliak” programan

elgoibarren.net 2009ko eka. 24a, 14:44

 
Bederatzigarren urtea da Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak “Tertuliak” programa antolatzen duela. Eta edizio honetan, 17 lagunek izan dute dakitena praktikatzeko eta ez dakitena ikasteko aukera. Argazkian Mintza Egunaren 4. edizioan, Gasteizen, parte hartu zuten zortzi elgoibartarrak ageri dira. Euskal Herriko herri ezberdinetako 260 mintzalagun bildu ziren bertan, mingainak dantzan jartzera.



 Astean ordu betez bizpahiru laguneko talde txikietan elkartu eta tertulian jarduteko aukera eskaintzen zaie mintzapraktika egin nahi duten herritarrei. Aurten sei talde izan dira, eta bakoitzak bere funtzionamendu propioa izaten badu ere (batzuk kafe baten bueltan elkartzen dira, beste batzuk paseatzera joaten dira, …), guztiak batera egoteko aukera ere izaten dute. Alde batetik,  ikasturteari amaiera emateko lagunarteko afaria egiten da. Pasa den ekainaren 18an, hamar lagun elkartu ziren, eta amaiera polita eman zioten ikasturteari jan-edanak lagun zituztela.

Mintza Egunean Gasteizen izan ziren elgoibartarrak.

 Bestalde, Elgoibarren Trinitate jaiak izan baziren ere, ekainaren 6an, zortzi lagun joan ziren Gasteizera, mingainak dantzan jartzera. Mintza Egunaren 4. edizioa ospatu zen, eta Euskal Herriko herri ezberdinetako 260 mintzalagun bildu ziren. Landatxon bazkari gozoa hartu eta gero, mintzapraktika egitasmoetan nabarmendu diren lagunei omenalditxoa egin zitzaien. Saritutakoek jasotako txalo-zaparradaren ostean, Erdizka Lauetan taldeak jotzeari ekin zion, eta erromeria ezin koloretsuagoak bazkaria arintzen lagundu zien askori. Elgoibartik joandako koadrila ere gustura ibili zen dantzan!