Elgoibarko Udalak, iaz, gure herriaren oroimen historikoa berreskuratu nahirik, besteak beste, gerra aurreko ondarea bildu, digitalizatu eta Interneten jartzeko lana agindu zion Dijitalidadea enpresari. Era horretan, 1930 eta 1936 urteen bitartean Euzkadi eta El Día egunkarietan argitaratu ziren euskarazko kronikak eta albisteak jarri ziren sarean.
Beraz, 1930etik 1936ra Argia, Euzkadi eta El Día agerkarietan argitaratutako euskarazko 502 kronika eta 2.287 albiste daude sarean, ondoren zehaztuko diren gaien arabera sailkatuta: gizartea; politika; erlijioa; kultura, kirola, kazetarien artekoa eta nahas-mahas.
Ildo horretatik, jaso, digitalizatu eta sarean jarri den ondare hau guztia, Elgoibarko Udalaren web gunean, www.elgoibar.org (Euskara Sailaren atalean, “Elgoibarko kronika zaharrak” izenpean) eta www.dijitalidadea.com helbidean erabilgarri dago, aztertu nahi dituzten guztien eskura. Beraz, albisteak bilatzeko sistema erraz bati esker, interesa duten guztiek gure herriaren historiaren berri jakin ahal izango dute.