Euskara arloko ikerketa sustatuko du Gotzon Garate izeneko bekak

elgoibarren.net 2009ko eka. 26a, 14:54

 
Elgoibarko Udalak Gotzon Garate izeneko beka sortu du, euskara arloko ikerketa sustatu, eta aldi berean, idazle eta euskalari elgoibartarra omentzeko asmotan. Horrela bada, bekaren ikerketa esparruak euskararen ezagutza, erabilera eta elikadura, hau da, hizkuntza aberastea, izango dira.

 
Elgoibarko Toponimia

1706640231953 Euskara arloko ikerketa sustatuko du Gotzon Garate izeneko bekak

  Udalak Gotzon Garate beka arautuko duten oinarriak onartu ditu, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira 2009ko ekainaren 18an. Oinarri horiek abiapuntutzat hartuz, Udalak bi edo hiru urtetik behin, Gotzon Garate bekari dagokion diru-laguntza deialdia egingo du.
  Gauzak horrela, Udalak, dagoeneko egin du beka honen lehendabiziko deialdia, hain zuzen ere, 2009 urteari dagokiona. Beka deialdi honen ikerketa esparrua: Elgoibarko Toponimia izango da.
 
Udala eta Euskaltzaindiaren lankidetza hitzarmena
  Elgoibarko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatuko dute udalerriko toponimia jaso duen lana aurrera eraman ahal izateko.
  Sinatze ekitaldia ekainaren 30ean, martitzena, izango da 13:00etan Udaletxeko Pleno Aretoan. Udaleko ordezkariez gain, bertan izango dira Euskaltzaindiako bi ordezkari eta Gotzon Garateren senitarteko bat.