Udaletxeko balkoitik pregoia irakurri eta gero, sainduari salbea abestu diete Plaza Handian bildu diren gaztetxoek. Denak zuri-gorriz jantzita eta asko tolestutako egunkaria eskuetan zutela. Antxintxikari gaztetxoentzako momenturik zirraragarriena ailegatu da gero, entzierroa. Korrikalari eta zezenak San Bartolome kalean behera joan dira ziztu bizian eta Nafaroa plaza eta Errosario kaleak iragan ondotik Plaza Handian sartu dira berriz. Susto bat edo beste kenduta ez da aparteko harrapaketarik izan.
Behin Plazan, ponietan ibiltzeko aukera eduki dute txikienek eta zezen mekanikoan koskortuagoek. Euri pixka bat egin duen arren, ez ditu prestatutako ekintzak zapuztu. Txorizo egosia janez amaitu dute etxeko txikienek egun berezia.