Txortan ari zen putre bikotearen itzala zorabiatzen zen zoruan 137. gelan. Karraskotsak airean, lastargiaz begiratu zituen azkenengo kaioletako gerizak, urratutako hezurrekin estrapozuka. Eta anima ilun haien artean ez, ez zuen belerik aurkitu.
Pentsakor hutsegiteagatik, hara jaisten zen bakoitzean egiten zuenez, jandakoen soberakinak jaso zituen. Otarra beteta igo zituen eskailerak ekaitza bestalderatzen zuen ateraino. Irekitzeaz bat, erauntsiak hertsi zizkion arnasa eta ikusmena, hondakinak jaurti eta brankan zabaldu zituen. Eta
haraino igota infernuko enbataren, gorpu itoen garrasien irudi hari so
egitearren begiak ireki zituenean, kareletik hegaldatzen ziren suzko
niniak bereizi zituen hara ustelarengan amiltzen.
Beleak ziren, iraganaren mezulariak.