Plastikozko poltsarik ez erabiltzea sarituko du Udalak

elgoibarren.net 2009ko uzt. 13a, 10:14

Gure denda, gure poza izeneko kanpainaren baitan hainbat ekintza sustatzen dihardu Udalak, helburu bakarrarekin: herritarrak bertako dendetan erosketak egitera bultzatzea. Orain arte, pankartak jarri dituzte herriko txoko esanguratsuenetan, gozokiak eta bereizgarriak banatu dituzte ekimen honetan parte hartzen duten dendetan, eta bukatzeko, behin eta berriz erabil daitezkeen 4.500 poltsa banatu dituzte herriko etxebizitzetan. Erosketak egiteko poltsa horiek erabiltzen dituztenek 300 euroko balioa duen bizikleta baten zozketan parte hartuko dute.



1706640221088 Plastikozko poltsarik ez erabiltzea sarituko du Udalak

  Bizikletaren zozketa uztailaren 24an egingo dute. Horretaz gain, irailaren 25ean beste bizikleta bat zotz egingo dute, eta urrian, azaroan eta abenduan, berriz, ekimen honetan parte hartzen duten dendetan erabiltzeko 100 euroko erosketa-txekeak.
  Bestalde, Mintxetako aire libreko igerilekuetara joaten direnek, kanpainaren leloa daramaten hautsontziak eskatu ahal izango dituzte datozen egunetan.
 

  Udaleko Ingurumen eta Merkataritza sailetako arduradunak oso pozik daude Gure denda, gure poza izeneko kanpainaren baitan burutu diren ekintzek orain artean izan duten “harrera onarekin”.