Udalak legealdi honen hasieran erabaki zuen herritar esanguratsu batek izango zuela txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea. Iaz Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegik bota zuen txupinazoa eta 2007an Jose Gurrutxaga atleta beteranoak izan zuen San Bartolome bezperako txupinazoa jaurtitzeko ohorea. Aurten Pilar Ikastetxea aukeratu dute Udal ordezkariek. “Herriari eskaini dion zerbitzua errekonozitu nahi izan dugu” adierazi du Alfredo Etxeberria, Elgoibarko alkateak. “Pilar Ikastetxeak lotura sakona dauka Elgoibarrekin eta elgoibartarrekin, adin bat daukagunon guraso asko bertan ikasitakoak dira” gaineratu du alkateak.
Ikastetxea dagoen eraikina Udalari eman izana ere eskertu nahi du Udalak. Etorkizunean adinekoei laguntza zerbitzuak -Adinekoen egoitza, adinekoen eta elbarrien eguneko zentroa, elbarrientzako egoitza eta buruko gaixoentzako egoitza- eskaintzeko gunea izango da gaur egun Pilar Ikastetxea dagoen ingurua.
∞Lotura duten albisteak:
- Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegik botako du San Bartolomeetako txupinazoa (2008-07-24 elgoiBARREN.net)
- Pilar Ikastetxea adinekoentzako egoitza bihurtzeko aurrerapausoa (2009-02-12 elgoiBARREN.net)