Elgoibartarren eta debarren arteko lehia Futbol 7ko finalean

elgoibarren.net 2009ko uzt. 15a, 13:22

 
Elgoibarko EGS eta Debako Ladakh taldeek jokatuko dute Futbol 7 txapelketako finala, barixakuan (uztailak 17), 20:00etan, Mintxetan. Baina aurrez, 19:00etan, hirugarren eta laugarren postua erabakiko duen norgehiagoka jokatuko dute beste bi talde elgoibartarrek: Smackdown eta Roketxek.




 Guztira 17 taldek parte hartu dute ekainaren 6an hasi zen  XII. Eskualdeko Futbol 7 Txapelketan, horietatik zortzi Elgoibarko taldeak. Elkarren aurka makina bat partida jokatu eta gero, lau talderik onenek martitzenean jokatu zituzten finalaurreko partidak Eibarko Unben. Elgoibartarren arteko lehian 4-3 irabazi zion EGS taldeak Smackdown taldeari. Bigarren finalaurrekoan Roketxek, hauek ere elgoibartarrak, 1-9 galdu zuen Ladakh taldearen aurka. Galtzaileek hirugarren eta laugarren postua erabakiko duen norgehiagoka jokatuko dute finala jokatu aurretik, 19:00etan, Mintxetan.

 Finalean, berriz, indartsuenak direla erakutsi duten bi taldeak arituko dira, EGS batetik eta Ladakh bestetik. Estatistikei erreparatuz gero, Ladakh taldea da, izatekotan, finala irabazteko faboritoa. Debarrek partida guztiak irabazi dituzte eta batez beste sei gol sartu dituzte partidako. Txapelketa hau estrainekoz irabazi zuen taldea ere Debakoa zen.
Kalitate gutxiago
 Txapelketako antolatzaileek, bestalde, taldeen maila, “orokorrean”, jaitsi egin dela igarri dutela nabarmendu nahi izan dute: “Roketxe taldea, esaterako, 16-17 urteko gazteez osatua egonagatik finalerdiak jokatzeko sailkatu da. Aurreko urteetan ez zen horrelakorik gertatzen, garestiago zegoen finalaurrekoetarako sailkapena”. Alabaina, iazko talde irabazlea, Buztan Gorri, final-laurdenetan geratu zen txapelketatik kanpo, Roketxe taldearen aurka 5-2 galdu eta gero.