Mendizaletasuna eta lehiakortasuna

Morkaiko 2009ko uzt. 15a, 14:33

Kaixo lagun mendizale. Gai ezberdin batekin gatozkizu oraingoan, mendi lasterketa baterako eskatu diguten kolaborazioa eta Morkaiko Mendizale Elkarteko zuzendaritzak lasterketei buruz egin duen hausnarketa azaldu nahi dizuegu.


1706640195414 Mendizaletasuna eta lehiakortasuna

Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak ultratrail laisterketa bat antolatu du, Ehunmilak 167 kilometroko mendi laisterketa hain zuzen ere. 2010eko uztailaren 16tik 18ra bitartean ospatuko da Gipuzkoan barrena. Elgoibarko mendietara ere iritsiko da, Irukurutzetatik Azkaratera jeitsiz. Hemendik ostiralean pasatuko dira, lehena gaueko 11ak aldean eta azkena goizaldeko 4rak inguruan.


  Honelako lasterketa batek behar duen antolakuntza dela eta Morkaiko Mendizale Elkartera jo zuten kolaborazio eske. Gai hau zuzendaritzan aztertu dugu eta honako ondoriora iritsi gara:
  Mendizaletasuna sustatzeko modu asko daude eta Morkaikoko zuzendaritzak modu ez-lehiakorren alde egin nahi du. Gizartea nahikoa konpetitiboa dela iruditzen zaigu, mendian ere lehiakortasuna sustatzen ibiltzeko. Gure esfortzu eta lanak mendiaz lasaitasunez gozatzera bideratu nahi ditugu, mendiak eskaintzen dizkigun alor guztiez jabe gaitezen.
  Inguruan nahi beste mendi lasterketa daude eta gurean ere Karakateko Igoera antolatzen dugu lehiakortasun grina hori asetu nahi duenarentzat. Baina gure lanen norantza beste bat izan behar dela uste dugu. Horregatik erabaki dugu Morkaiko Mendizale Elkarteak ez duela lasterketa hau sustatuko.

  Dena dela ez gaude mendi lasterketen aurka, norberak nahi duen bezala goza baitezake mendiaz, ingurua errespetatzen duen bitartean. Horregatik lasterketa honetan laguntzeko prest dauden elgoibartarren eta antolakuntzaren artean zubi lana egiteko prest gaude.

  Zuk lasterketa honetako laguntzaile (edo partaide) izan nahi baduzu bidali zure izen-abizenak eta telefonoa eta antolakuntzak Elgoibarren antolatuko duen bileraren berri emango dizugu.

Jaso agur bero bat.

Morkaiko Mendizale Elkarteko Zuzendaritza.