Magdalena Jaiak berreskuratuko dituzte Madala inguruko bizilagunek

elgoibarren.net 2009ko uzt. 15a, 15:18


Urte batzutan antolatu gabe egon eta gero Magdalena Jaiak berreskuratu nahi dituzte Madala inguruko bizilagunek. Hainbat ekintza antolatu dituzte Magdalena Egunerako (uztailak 22). Arroako DJ Imanolek eskainiko duen saioa eta Azulkillas zirko antzerki taldearen ikuskizuna dira aipagarrienak.

 
 

  Sasoi batean herriko auzo askotan antolatzen zituzten euren jai propioak. Horietako asko galdu egin ziren: San Pedro kalekoak, Urasandi auzokoak, Madalakoak, e.a. Beste askok, aldiz, auzotarren ahalegin eskergari esker, batez ere, bizirik diraute: Errosario kaleko jaiak, Altzolakoak, baserri auzoetakoak, e.a. dira adibide batzuk. Pertsona edo lagun talde zehatz baten ahalegin bereziari esker mantendu dira gehienak. Jaien motorra diren pertsonok aspertu edo desagertzen direnean, ordea, auzo-feston patua ere berdina da; faroa desagertuta itzali egiten dira.
 Horixe izan daiteke Magdalena Jaien kasua. Santiago Urain eta honen ondorengoak izan ziren Madala inguruan antolatzen ziren festen sustatzaile eta zirikatzaile nagusiak, baina zeregin horiek laga zituztenean, festek ez zuten jarraipenik eduki.

1706640195100 Magdalena Jaiak berreskuratuko dituzte Madala inguruko bizilagunek

Azulkillas taldearen aire akrobaziak
2004an sortu zuten Azulkillas zirko antzerki taldea Gloria Peon asturiarrak eta Maider Yabar euskaldunak. Rio de Janeiron (Brasil) eta La Habanan (Kuba) formazioa jaso ondoren bi ikuskizun sortu zituzten, zein baino zein ikusgarriagoak: Kaixa zahar baten istorioak eta Gravitateari Bueltaka. Bigarren honek sari bat ere eskuratu zuen: Euskal Konpainia Onenaren Saria Leioako OFF Lehiaketan, hain zuzen ere. (ikus hemen konpainiaren historia)


Magdalena jaietako egitaraua (uztailak 22)
  • 11:00etan meza Madalako elizan.
  • 18:30 Arroakoa DJ Imanolen emankizuna
  • 22:30 Azulkillas taldearen ikuskizuna, Madalako parkean
Argazkiak: Adria Costa.